Gasteizko jatetxe baten "islamofobia" salatu du neska gazte batek

Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 19:00

Yueriaren salaketa sare sozialetan biralizatu egin da. / @yueriux

"Trapu horrekin ezin duzu hemen lan egin". Yueria izeneko gasteiztarrak bere TikTokean salatu du hiriko jatetxe batek uko egin diola bera kontratatzeari buruan beloa eramateagatik.

Yueria 20 urte inguruko gazte gasteiztarra da. TikTok sare sozialean @yueriux da, eta 7.862 jarraitzaile ditu. Bertan azaltzen duenez, musulmana eta jatorri aljeriarrekoa da, eta "euskal herritartzat" du bere burua.

Bere bideoetako batean Gasteizen bizi izan duen "arrazakeria edo islamofobia" kasua kontatu du, eta biralizatu egin da, 257.300 ikustaldiak gaindituz. Abenduan argitaratu zuen arren, orain arte oharkabean pasatu da hedabide gehienentzako, atzo La Vanguardia hedabideak argitara atera zuen arte.

 

"Lagun batek esan zidan bere nagusiari niri buruz hitz egin ziola, eta kontratatu nahi ninduela", azaldu du gazteak bideoan. "Nik esan nion: bale. Nire telefono zenbakia pasatu zion, hitz egin genuen... eta esan zidan ea hurrengo egunean has nintekeen. Esan nion ea zer uniforme eraman behar nuen... Eta ez kezkatzeko esan zidan".

Lanpostua gustuko izanez gero, aurrerago emango zioten uniformea: "Neska jantzia zen, euskal jantzi tradizionala". Baina arazoa hurrengo egunean iritsi zen, bere lehen laneguna amaituta, nagusia berarekin hitz egitera joan zenean: "Ni ikusi bezain laster, ez ninduen agurtu, eta esan zidan ea inoiz trapu hori buruan jantzita lan egin ote nuen"; eta baietz erantzun zion Yueriak.

"Jatetxearen estetikarekin hautsi egiten duzu erabat. Hemen denok berdin joan behar dugu, ilea askatuta. Hemen lan egin nahi baduzu, kendu egin behar duzu", esan zion orduan nagusiak, gaztearen bertsioaren arabera. "Sentitzen dut, baina ez dut uste nire lana egiteko zapia kendu behar dudanik, beraz...", erantzun zuen gazteak.

"Garbiketan edo sukaldean izango balitz, berdin litzaidake", gaineratu zuen nagusiak. "Baina ez pentsa arrazista naizenik, kanpoko jende asko daukat... Nazio Batuen Erakundea dirudit!".

Izena aipatu gabe bada ere, Gasteizko jatetxe "onenetako bat" dela azaldu du gazteak, edo, behintzat, "garestienetako bat". Azaldu duenez, ez zen eztabaidan tematu, eta "negarrez eta nazka-nazka eginda" alde egin zuen handik: "Benetan? Zein arazo dago zapiarekin lan egiteko? Bizitza osoa daramat zapiarekin lanean. Ez dut kenduko. Pertsona bezala nire eskubidea da", deitoratu du bideoaren amaieran.

@yueriux #fyp #parati #racism #españa #viral #viralvideo ♬ sonido original - yueriux

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago