Hezkuntza Lege berriarekin "doktrinamenduak" jarraituko duela salatu dute

Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 19:30

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak "prozesio" bat egin zuen larunbatean Gasteizen, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiei "batzuen pribilegioak mantendu eta blindatuko dituen legearen kontra ausardia" eskatzeko.

"Hezkuntza Lege berriari esker, Kristau Eskolako ikastetxeek dokrinatzen jarraituko dute", ohartarazi du Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak. Larunbatean, Gasteizen, hezkuntza publikoko gurasoak, langileak eta ikasleak bildu zituen performance batean, alderdiek hartutako erabakiekiko "erabateko desadostasuna" adierazteko: "Eliza Katolikoaren menpe dauden ikastetxeek diru publiko gehiago jasoko dute, ikasleak doktrinatzen jarraitzeko".

Plataformaren aburuz, lege berriak jasotzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren bidez "ikastetxe pribatu-itunpekoek publikoak balira bezalako tratamendu ekonomikoa izango dute, baldintza hipotetiko batzuk betez gero". Baldintza horien artean laikotasuna dago, besteak beste: "Inoiz ez dute baldintza hori beteko, beren izaeraren kontra doalako. Hala ere, %100eko finantzazioa izango dute, eta, denon diruarekin, beren doktrina zabaltzen jarraituko dute, zerbitzu publiko horren parte izango direlako", kritikatu dute.

Larunbateko "prozesioa" Hezkuntza Akordioaren sinatzaile diren EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien egoitzetatik igaro zen. "Hezkuntza publikoa legearen ardatza izango dela dioten arren, kontrako bidean doazela argi eta garbi geratzen ari da behin eta berriz", salatu du plataformak. "Denak berdin jarraituko du: sistema dual publiko-pribatua, eskola segregazioa eta doktrinamendua, irakaskuntza pribatu-itunpekoari diru gehiago ematen zaion bitartean".

"Batzuen pribilegioak mantendu eta blindatuko dituen lege honen kontra ausardia izan dezaten eskatzen diegu, eta denona eta denontzako den Hezkuntza Publikoa benetan erdigunean jar dezaten. Oraindik garaiz gaude", aldarrikatu dute.

Bideoa: HALA BIDEO

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide