Hautsak harrotu ditu Larreinen, Salburua auzoko 13. sektorean, martxan jarritako proiektu urbanistikoak. Izan ere, bizilagun talde batek salatu du 18 solairuko bi dorre eraiki nahi dituzte bertan.
"Gure eraikinaren alde batean trenbidea dugu; hasiera batean lurperatu behar zuten eta ez dute egingo. Eta orain, eraikinaren beste aldean bi dorre egin nahi dituzte, guri eguzki guztia kenduz", azaldu dio Jon Artaraz auzokideak ALEAri. "Udalaren kudeaketa txarraren ondorioz, trenbidearen eta bi dorreen artean geratuko gara".
Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duenez, proiektuaren atzean Madeilia S.L enpresa dago. Babes ofizialeko 251 etxebizitza izango dituzte bi dorre horiek, Isaac Puente Amestoy, Antonio Amat eta Euskadiko Hiriburu kaleen artean kokatuta dauden bi partzelatan. Orain arte erabili ez diren arren, bizitegi-erabilerarako aurreikusita daude.
Hain zuzen ere, proiektua kritikatu duten bizilagunen lursailaren parean eraikiko dituzte dorreak. Guztira, babes ofizialeko 154 etxebizitza dira bizilagun komunitate horretan, bost ataritan banatuta; gehienez, bederatzi solairuko altuera dute. Hirigunetik aldendutako eta ekipamendurik gabeko eremu horretan argiaren eta naturaren balioa azpimarratu dute auzokideek. Proiektua aurrera badoa, berriz, beren eraikinaren altuera bikoizten duten bi dorre izango dituzte etxearen aurrean.
Gasteizko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriak jaso duenez, gehienez 3.492 etxebizitza eraiki ahal izango dira Salburuko 13. sektore honetan, Larreinen.