HIGA

Hizkuntza gutxituen hiriburu izango da Gasteiz uztailean, laugarrenez

Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 14:00

HIGA jardunaldien IV. edizioaren aurkezpena, Oihanederren. / ALEA

Uztailaren 17tik 21era bitartean izango da HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren IV. edizioa. Izena emateko epea zabalik dago jada, 75 gazte baino gehiago biltzeko asmoarekin.

2023an ere mundu osoko hizkuntza gutxituetako gazteek Gasteizen izango dute hitzordua, uztailean berriz ere ospatuko baita HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa. Udalaren Euskara eta Gazteria zerbitzuek bultzatutako proiektuaren laugarren edizioak mundu osoko 75 gazte inguru bilduko ditu.

Lehen edizioa 2011n ospatu zen, eta Bretainia, Korsika, Galizia, Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Euskal Herritik iritsitako gazteak bilduz. Zazpi urteko etenaldiaren ostean, egitasmoa indarberrituta itzuli zen 2018an, 35 hizkuntza gutxituetako 75 gazteren parte hartzearekin. Erritmoa hartuta, baina Covid-19aren pandemia betean, hirugarren edizioa 2021ean antolatu zen, jardunaldien zati handi bat online egin behar izan zuten arren.

Orain, berriz, inoiz baino indartsuago iritsiko da laugarren edizioa. UNESCOk Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadarekin lotutako ekitaldi ofizial gisa aukeratu du, eta gaur goizean Montehermoso Jauregian aurkeztu dute.

Uztailaren 17tik 21era bitartean ospatuko da, eta udako bost egun horietan elkarrekin ikasteko eta gozatzeko aukera eskainiko du egitarauak: goizetan, hitzaldiak eta tailerrak izango dira nagusi; bazkalostetan, hizkuntzak biziberritzeko proiektuak sortuko dira; arratsaldetan, elkar ezagutzarako dinamikak egingo dira; eta gauetan, kontzertuak eta kultur zein arte emanaldiak antolatuko dituzte. Jardunaldietan askotariko gaiak jorratuko dituzte: hizkuntza mailako aktibismoa, intersekzionalitatea, hizkuntza biziberritzeak, aldarrikapenak, teknologia berriak, hizkuntza komunitateen arteko elementu komunak...

Izena emateko epea zabalik dago jada, eta parte hartzeko interesa duten lagunek apirilaren 16a baino lehen eman beharko dute izena honako formulario honen bitartez.

Bideoa: Giuliana Preciado Cuero

 

Topaketatik elkarlan sarera

"Gasteiz hizkuntza gutxituak berreskuratzeko lanaren mundu mailako hiriburu bihurtuko da", aldarrikatu du Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak. "HIGA topaketarako, gogoetarako, aktibismorako, lanerako eta hizkuntza horien guztien erabilera eta berreskuratzea bultzatzeko proposamenak eta informazioa partekatzeko gunea da".

Bestalde, HIGAren sortzaile eta zuzendari Beñat Garaiok azaldu du "ilusioz" ekin diotela laugarren edizioa antolatzeari, eta "topaketa hutsa izatetik elkarlan sarea osatzeko" jauzia emateko helburua izango duela aurtengo topaketak. Horretarako, biziberritze proiektuak elkarlanean abiatzeko bultzada indartuko dute, baita HIGA Plaza ikus-entzunezko lan laburren sorta interaktiboa sortu ere.

Gainera, inoiz baino eragile eta erakunde gehiago izango dira HIGAren parte: Gasteizko Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, Euskarabidea, Badalab, Euskaltzaindia, EHU, Soziolinguistika Klusterra, Rise Up, Garabide, YEN/JEV, NPLD eta Global Voices Etxepare Euskal Institutua, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago