Bizigarriak al dira Errekaleorreko etxebizitzak?

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 16:00
Adria Bardagi, Laura Oriol eta Jack Ruiz, bizilagunekin. / Argazkia: ERREKALEOR BIZIRIK

Barcelona Posa't Sostre eta Oasi Urbà arkitekto taldeek egindako ikuskapen tekniko baten arabera, Errekaleor auzoko blokeen "egoera orokorra ona da, etxebizitzak bizitzeko egokiak dira eta ez dute patologia larririk".

2013ko irailaren 3an, gazte talde batek Errekaleor auzoko 26. blokea okupatu zuten. Aurten, beraz, hamar urte beteko ditu Errekaleor Bizirik proiektuak. Hamarkada osoan zehar, ehunka bizilagun izan ditu auzoak, desalojoaren etengabeko mehatxupean. "Errekaleorren ezin da bizi", errepikatu izan dute askotan Gasteizko alkate zein ordezkari politikoek. Baina, egia al da hori?

Larunbatean, auzoan bertan egindako prentsaurreko batean, Barcelona Posa't Sostre eta Oasi Urbà kolektiboetako arkitektoekin elkarlanean egindako Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) aurkeztu zuen Errekaleor Bizirik-ek.

Arkitekto taldeen txostenak ondorio irmoa jarri du mahai gainean, 2017an beste hamasei arkitektok sinatutako txostenaren ildo beretik: "Auzoaren egoera orokorra ona da, etxebizitzak bizigarriak dira eta ez dute patologia larririk", azaldu du Adria Bardagi arkitekto katalanak. "Gainera, bisita teknikoak egin zirenetik, patologia horiek konpontzen hasi dira, ondarea zainduta eta egoera onean mantentzeko asmoz, txostenetan ezarritako epeak betez, auzokideen autogestioan eta elkarlaguntzan oinarrituta"

Errekaleor, "bizi-bizirik"

EITaren ondorioak ospatu dituzte Laura Oriol eta Jack Ruiz bizilagun eta Errekaleor Bizirik-eko asanbladako kideek. "Auzoko etxeak duinak dira eta hala izan dira beti; alkateek urteetan zehar haien diskurtsoetan kontrakoa esan badute ere, espekulazio interesak ezkutatu nahian", azpimarratu dute.

"Ez gaitzaten engaina, 14. sektore famatua gentrifikazioaren menpe erori izan ez balitz, Udalak eta 21 Zabalguneak ez lukete inoiz auzokideen zein haien etxeen gaineko interesik agertuko. Baina joan nahi ez zutenak botatzeko aitzakia topatu eta auzo oso bat desjabetu zuten", deitoratu dute.

Bestalde, Errekaleor Bizirik-eko kideek beren etxeen mantentze eta hobekuntza lana "ezin hobea" dela nabarmendu dute. "Hamar urte daramatzagu jada hormatu eta obren hondakinez bete zituzten etxeak zaintzen, haien zorira utzitako kale eta lorategiak atontzen, eta auzokide ohien borrokaz eta lanaz altxatu ziren espazio komunak mantentzen".

 

Landa lana blokeen %60an

Errekaleor Bizirik-ek eskatutako ikuskapen teknikoa egiteko, "jendea bizi den blokeen egoera, ezaugarri fisikoak eta konstruktiboak, balizko lesioak eta bizigarritasunari dagokionez duten egoera orokorra" ezagutzea izan da arkitekto taldearen helburua. Aztertutako bloke bakoitza 2022ko martxoan eta uztailean bisitatu zen, hiru aldiz, EAEko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren (EIT) ereduari jarraituz.

Azterlanak auzoko 32 blokeetatik 19ren egoera jasotzen du, auzo osoaren %60. Kontuan hartuta gaur egun bloke guztietan ez dela jendea bizi, txostena "auzoaren egoera osoaren adierazgarritzat" har daitekeela ziurtatu dute arkitektoek.

Horrela, eraikinetan antzemandako lesioak eta patologiak 1. mailatik 5. mailara antolatu dituzte, larrienetik arinenera; eta ez dute arazo larririk aurkitu: "Bloke gehienek, historia eta antzinatasuna kontuan hartuta, 4. eta 5. motako lesioak dituzte, eta arinak dira. Bloke batzuek 3. mailako patologiak dituzte; ez dira oso larriak, baina konpondu egin behar dira", azaldu dute.

"Eredu berri bat"

"Etxebizitza eskubidearen urraketa sistematikoaren aurrean alternatiba bat gorpuzten jarraitzen dugu, eta, batez ere, komunitate eta antolakuntza eredu berri bat eraikitzen, hau sostengatzen duten oinarri politikoak egunero indartzen ditugun bitartean", aldarrikatu dute Errekaleor Bizirik-eko kideek, hauteskunde kanpainaren atariko "jokaldiak" kritikatuz.

Horrekin batera, gogora ekarri dute 2022an EHUko irakasle talde batek argitaratutako ikerketa, Errekaleor bezalako proiektuek energia kontsumoa murriztu dezaketela ondorioztatzen zuena: "Txosten horiek bide onetik gabiltzanaren adierazletzat jotzen ditugu. Bitartean, urbanizatzen, garatzen eta eraikitzen jarraitu nahi dute, Gasteizen 10.000 etxe huts inguru daudela jakinda ere".

"Gure auzoa eta gure etxeak egoera onean daude, duinak dira eta, are garrantzitsuagoa, bizirik daude. Etxeak bizi-bizi, Errekaleor Bizirik!", amaitu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide