Errekaleor bezalako proiektu komunitarioek aztarna energetikoa murriztu dezakete

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 10:00
Komunitatean bildutako pertsonek aztarna energetiko txikiagoa dute. / ERREKALEOR BIZIRIK

EHUren ikerketa baten arabera, bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezake. Besteak beste, Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa EAEkoa baino %24 txikiagoa dela ondorioztatu dute.

Zer faktorek eragiten dute gure aztarna energetikoan? Galdera horretatik abiatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa taldeek beren azken ikerketaren emaitza argitaratu berri dute dute Science Direct hedabidean, Global Multi-Regional Input-Output methodology reveals lower energy footprint in an alternative community project izenburupean.

Estitxu Villamor, Ortzi Akizu Gardoki, Jukka Taneli Heinonene eta Gorka Bueno ikertzaileek EAEko eta Errekaleor auzo askeko aztarna energetikoaren kakulua egin dute. Bi ereduak alderatu dituzte, ondorioztatuz energia aztarna txikiagoa dagoela komunitate proiektu alternatibo batean.

"Egungo gizartearen kontsumo eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada", diote ikerketa taldeko ordezkariek, hausnarketa bat plazaratuz: "Ukaezina bilakatu da Iparralde Globaleko herrialdeen energia kontsumoa murriztearen beharra. Hala ere, proposatzen diren neurriek, oro har, etxebizitzetan kontsumitutako energia dute helburu. Baina zenbaterainoko garrantzia du horrek? Nola lor daiteke aztarna energetikoa murriztea?".

Ikerketaren ondorio nagusia izan da bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezakeela, "kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiak duen garrantzia dela eta". Zehazki, Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa EAEkoa baino %24 txikiagoa dela kalkulatu dute.

 

Ezkutuko energia-fluxuak

EHUko ikertzaileek azaldu dutenez, oro har, herrialde baten energia kontsumoa zenbatzerakoan, Energia Primarioaren Hornidura Totala izeneko adierazlea erabiltzen da (Total Primary Energy Supply - TPES). Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) emandako datuetatik lortzen den balio bat da, herrialde baten barruan ematen den energia primarioaren guztizko kontsumoa kontabilizatzen duena: etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan.

Hala ere, adierazle horrek ez ditu ezkutuko energia-fluxuak kontuan hartzen: beste herrialde batzuetatik ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia. "Horrela, badirudi herrialde batzuetako (oro har, Ipar Globaleko) energia kontsumoa berez dena baino txikiagoa dela. Aitzitik, badirudi (oro har) Hegoalde Globaleko herrialdeek benetan kontsumitzen dutena baino energia gehiago kontsumitzen dutela; izan ere, kontsumo horren zati handi bat, errealitatean, Iparralde Globaleko herrialdeetara bideratutako ezkutuko energia-fluxuak dira", ohartarazi dute.

Bestalde, energia aztarna (Total Primary Energy Footprint - TPEF) deritzon adierazlea dugu, herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere kontuan hartzen dituena. Ikerketa honetan, lehen aldiz erabili dute Input-Output metodologia, eskualde (EAE) eta auzo (Gasteizko Errekaleor auzoa) mailako energia aztarna kalkulatu eta alderatzeko.

Gakoa: bizitza komunitarioa

Bai, ikerketaren emaitzek erakutsi dute komunitate bizitzak energia kontsumoa murriztu dezakeela: Errekaleor Auzo Askeko biztanleen etxebizitzetako energia kontsumoa (4,46 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Espainiako Estatuko biztanleena baino %32 eta %15 handiagoa den arren, biztanleen aztarna energetikoa (31,10 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Estatuko biztanleena baino %14 eta %24 txikiagoa da, hurrenez hurren.

Izan ere, produktu eta zerbitzuetan txertatuta dagoen energia kontsumoaren garrantziari zor zaio hori: Espainiako Estatuko aztarna energetiko totalaren %81 suposatzen du horrek, EAEko aztarnaren %75 eta Errekaleorreko aztarnaren %66.

Ikertzaileen ustez, horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialaren atzean daudela aztarna energetikoa baldintzatzen duten faktore nagusiak: nabarmentzekoa da Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarrak auzoko aztarna energetiko totalaren %0,6 baino ez du suposatzen.

Azkenik, alde handia dago Errekaleorreko etxebizitza mota bakoitzak eragiten duen TPEFan: familietan edo komunitatean bildutako pertsonek %33,5eko aztarna txikiagoa dute (28.45 MWh·biz-1·urte-1), bakarrik bizi diren pertsonek baino (42.79 MWh·biz-1·urte-1). Izan ere, azken horiek, batazbestean, EAEko biztanle batek baino aztarna handiagoa dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide