Zume biziko hirugarren jolasgunea Mariturri eskolan

Erredakzioa 2023ko ots. 24a, 18:00

2017an eta 2020an eraiki zituzten lehenengo bi jolasguneak. / Argazkia: MARITURRI ESKOLA

Jolasgune berdeak sortzeko asmoz, Mariturri eskola publikoko 6. mailako ikasleek zume biziko hirugarren egitura eraikiko dute datorren asteartean, otsailaren 28an.

Gaur egun pil-pilean dago jolastokien naturalizazio prozesuaren kontzeptua, baina Gasteizko Zabalgana auzoko Mariturri ikastetxeko hezkuntza komunitateak urteak daramatza norabide horretan lan egiten. Horren adierazle da 6. mailako 75 ikasleek hirugarren jolasgune bizia eraikiko dutela; datorren asteartean, otsailaren 28an, 09:30etik aurrera egingo dute, Garaion Naturarte elkartearekin elkarlanean.

Hain zuzen ere, garai hartako 6. mailako ikasleek 2017. urtean jarri zuten lehen mugarria, zume biziko etxola bat eraikiz. Horrela, gaur egun arte iraun duen topagune berde eta bizi bat utzi zuten patioan. 2020. urtean, Emakume ezberdinak eraikitzen proiektuaren barruan, bigarren jolasgune bizia sortu zuten Mariturri eskolan, guraso elkartetik kulturartekotasuna sustatzeko asmoz sortutako proiektu gisa.

Aurten, berriz, hirugarren jolasgunea egingo dute. 2023/2024 ikasturtean, Mariturritik beste institutu batera joango dira ikasle gehienak, eta eskolan beren aztarna utziko dute. Dagoeneko landatu beharrekoaren diseinua egin dute, 6. mailako hiru geletako ideiak eta diseinuak uztartu ondoren: "Maritxuren Labirintoa, Maritxuren Begia, Maritxuren Plaza... izena aukeratzea besterik ez zaie geldituko ikasleei. Bizirik dagoenak loratzen duelako", azaldu du ikastetxeko zuzendaritzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago