Despedidaren egunean bertan, telefonoaren esku librekoa piztu dute, eta haren inguruan bildu dira lagun maitatuaren adiskidetako batzuk, ALEArekin beren lagun minaren bizipenak konpartitzeko. Itziar Rekalde, Amelia Barquin, Inma Ortega eta Belen Arrondo izan dira telefonoaren beste aldean, eta Uri Ruiz Bikandi irakasle, ikertzaile, hezitzaile eta idazle euskaltzalea elkarrizketaren protagonista.
Durangon 1950. urtean jaio baina Gasteizen ibilbide luzea egin duen emakumea nolakoa zen definitzeko eskatu orduko, segituan erantzun dute denek: "emakume indartsua", "konprometitua", "oso zehatza, kuriositate handikoa, berak zabaltzen zigun pentsamenduaren bidea", "euskarari oso lotua".
Ibilbide profesional luzea
Lagunek gogoratu dutenez, Bizkaiko zenbait ikastolatan lan egin eta gero, Arabara mugitu zen Ruiz Bikandi, euskarazko eskolak ematera. Legution hasi zen, eta Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren eskumenak garatzen hasi zenean, euskara ikasteko lehen liburuak idatzi zituen. "Hegaz zuten izena –esan dute–. Oraindik gordeta ditut bere eskuz egindako koadernoak, marrazki eta guzti. Momentu horretan, gainera, lehenengo materiala izango zen hori; horretan ere aitzindaria izan zen Uri". Hala, Gasteizen euskara eskolak ematen hasi ziren irakasle guztien irakaslea izan zen Ruiz Bikandi, "gure maistra, gure gidari".
Ondoren, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika irakasle izan da EHUn, Bilboko eta Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Eta hogei urtez (1994-2014) Zuzendaritza Batzordekoa izan zen Graó argitaletxeko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika sailean, baita Educational Review Journal aldizkarian ere (Birminghamgo Unibertsitatea), batzorde editorialeko partaide moduan.
"Bitarte horretan koordinatu eta idatzi zuen liburu bat gidari izan dena hizkuntzak irakasten dituzten irakasleentzat, Bigarren hizkuntzaren didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. Liburu hori asko zabaldu da, asko saldu da, eta hogeita hamar urte igaro badira ere, gaur egun irakurtzen duzunean oraindik gaurkotasuna du".
Harrera etxea lagunentzat
Ruiz Bikandiren jarduera profesionala nabarmentzeaz gainera, ingurukoekin sortzen zituen harreman sendoak eta bizitasun nekaezina gehitu behar zaizkiola azpimarratu dute Barquinek, Rekaldek, Ortegak eta Arrondok. "Lagunen artean dena ematen zuen emakumea zen, eskuzabala, bizi-bizia, alaia, kontraesankorra. Oso apasionatua zen, pasioa zen bere ezaugarri bat, kulturzalea, liburuzale porrokatua. Irakurle klubean ere parte hartzen zuen; hamarkadak eman ditu bertan".
Gasteizko bere etxearen ateak irekiak zituen beti lagunentzat Urik. "Edozein momentutan gonbidatzen zuen jendea etxera; bazkari zalea zen, eta beti prest zegoen lagunak bere terraza ederrera gonbidatzeko. Bere etxea harrera etxea izan da; atzo gauerarte egon da etxean jendea hartzen".
Lagunei oso emana zen, adiskideek gogoratu dutenez, baina baita kolektiboari ere. Feminismoari egin zion ekarpena azpimarratu dute, eta Emakumen Asanbladan urte luzez militatu zuela. "Oso ideia argiak zituen eta hori mantendu izan du bere bizitza osoan". Halaber, etorkinei gaztelaniazko klaseak ere eman zizkien Emakumeen Etxean.
Azken bost urteetan gaixorik egon arren, gogotsu jarraitu zuen Ruiz Bikandik. "Zinema gidoiak egiteko ikastaro batean eman zuen izena, gizarte etxea batean, eta film labur bat egin zuten; ez zen kulturgintzako emakume tradizional bat; gauza berriak esploratzeko prest zegoen beti", esan dute lagunek, eta gaineratu dute ere oso musikazalea zela, euskal folklorea, Kantabriako folklorea eta musika klasikoa gustatzen zitzaizkiola.
"Kaixo, Uri naiz, ahots grabea duen emakumea". Horrela aurkezten zuen bere burua Ruiz Bikandik telefonoz, "beti pentsatzen zutelako gizon bat zela". Oraindik ere, lagun minaren ateraldiarekin barre egiten dute adiskideek.