Podcasten urrezko aroa bilakatu den honetan, SER irratiko Buenismo Bien irratsaioa ezinbesteko erreferentzia bihurtu da azken urteetan. Quique Peinado, Henar Alvarez eta Manuel Burqueren eskutik, elkarrizketak, umorea, amorrua eta hausnarketa nahasten dira asteroko podcast honetan; asteartero 19:00etan irratian entzungai, eta asteazkenero 19:00etan YouTuben ikusgai.
Orain, Buenismo Show ikuskizuna zabaltzen ari dira Espainiako Estatuko agertokietan, eta Gasteizera iritsiko da maiatzaren 27an, larunbatean, Antzokien Udal Sarearen bitartez. 19:30etik aurrera Principal Antzokian izango dira Peinado, Alvarez eta Burque, irratsaioan oinarritutako emanaldia eskaintzeko. "Hiru umoristek formak galduko dituzte, baina sekula ez arrazoia; eta ikusleek txalo egiten duten bitartean, bost axola zaie. Aitorpenak, politikari ustelak eta poparen munduko divak. Etorri eta gozatu", dio sinopsiak.
Sarrerak astearte honetan jarriko dituzte salgai, 17:30etik aurrera, ohiko bideetan eta Udalaren webgunean; 21, 18 eta 15 euroko prezioan. Ikuskizuna 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta ordu eta erdi inguruko iraupena du.