Bertan dira Inauteriak, eta Gasteiz ospakizunetan murgilduko da ostegun honetatik aurrera, hilaren 16tik 21era. Pandemiak markatutako azken urteen ostean, betiko indarrarekin itzuliko dira jaia eta ekitaldi jendetsuak. Eta, ohi bezala, konpartsen desfileak eta sardinaren erreketa izango dira ikuskizun nagusiak.
Larunbat eta igandeko desfileei dagokienez, 24 konpartsa bilduko dira aurten, iaz baino bat gehiago; eta, guztira, 6.433 lagunek parte hartuko dute. Asteartean, otsailaren 14an, konpartsen aurkezpenaren ekitaldia ospatu zuten, 18:00etan Goiuri Jauregian. Bertan, desfileetan eramango dituzten mozorroak ezagutzera eman zituzten (goiko argazki galerian ikusgai).
Inauterietako konpartsen desfileetako lehena larunbat arratsaldean izango da, otsailaren 18an, 18:00etan, eta ohiko ibilbidea egingo du berriz ere: Iparralde gizarte etxetik abiatuta, Legutioko Atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea eta Florida kalea zeharkatuko ditu, Florida parkean amaitzeko. Igandean, ibilbide bera egingo dute konpartsek, 11:30etik aurrera.
Hamaika ekitaldi
Egitaraua ostegunean jarriko da martxan, Araba osoan aspalditik datorren Ostegun Gizenaren tradizioarekin. 17:30ean hasita, hiriko auzo zein kaleetan zehar abesbatzen bira egingo dute. Besteak beste, Arabatxo Arabako Haur Abesbatzen Elkarteko abesbatzak arituko dira, Musiketxe Udal Folklore Akademiako dantzari eta musikariekin batera. Amaitzeko, Probintzia plazan elkartuko dira denak 19:30ean, elkarlaneko emanaldia eskaintzeko: Adiu paure carnaval, Carnavalito, Mozorro, Tolosako Ihauteriak abesti ezagunak entzungo dira, eta, amaitzeko, Jose Antonio Fernandezen Arabako Jueves de Lardero abesti tradizionala joko dute. 300 haur inguru bilduko dira, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko dantzariekin, eta ekitaldiaren ostean txoripan tradizionala banatuko dute partaideen artean.
Ostiralean, otsailaren 17an, 19:15ean Luis Aranburu Udal Musika Eskolako Auditorioan, Inauterietako entzunaldia eskainiko dute ikasleek. Gainera, 20:00etan, Plaza Berrian, Indarra Dantza Taldeak bere 50. urteurrena ospatzeko bereziki sortu duen Topagure ikuskizuna eskainiko du.
Ohiturari eutsiz, Inauterietako Larunbata izango da mozorrotzeko egun handia, otsailaren 18an. Gasteizko Margolarien Kalejirak emango dio hasiera jai egunari, Geltokiaren plazatxotik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Beste urte batez, Indarra fanfarre taldeak irudikatuko ditu margolariak, eta haiekin batera izango da K de Calle kaleko antzerki taldea, Rainbow Invaders ikuskizunarekin, 13:00etan. Gainera, Arka plazaren ondotik igarotzean, Ibiltariari mozorroa jarriko diote.
Larunbateko desfileen ostean, arratsalde-gaueko musika eskaintza areagotzeko apustua egin du Udalaren Kultura Zerbitzuak: 19:30etik aurrera, Plaza Berrian, musika animazioa izango da DJ Endika eta DJ Mikelekin; eta konpartsen desfilea amaitutakoan, Ingenio Orkestrak emanaldia eskainiko du 23:30etik 02:30ak arte. Horrez gain, 22:00etatik 00:00ak arte, Ttek Elektrotxarangak hiriko erdialdeko kaleak alaituko ditu, Santa Barbara plazatik hasita. Jarraian, batukadaren txanda izango da, 00:00etatik 02:00ak arte, Beriba Samba Eskolaren eskutik.
Inauteri Asteartean, otsailaren 21ean, Inauterietako jai ekitaldiak amaituko dira, sardinaren erreketarekin. Haur eta gazteentzako dantzaldiak alaituko du arratsaldea, 18:00etatik aurrera, Akerbeltz taldeari esker. Azkenik, 20:00etan egingo dira segizioa eta sardinaren erreketa.
Erakusketa eta sardina
Egitarau ofizialeko ekitaldiez gain, otsailaren 6tik 20ra bitartean, 2023ko Inauterietarako Gasteizko Kartel Lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa egongo da ikusgai Pilar eta Salburua gizarte etxeetan. Horrekin batera, hilaren 21ean erreko den sardina Turismo Bulegoan ikusgai egongo da otsailaren 13tik aurrera, gasteiztarrek sutara bota aurretik miresteko aukera izan dezaten.