Antzerkia, umorea, bakarrizketa dramatiko bat, musikal bat... Askotariko eskaintza izango da aurten Udal Kultura Zerbitzuak sustatutako Auzo Eszena zikloaren XII. edizioan. Otsailaren 26tik maiatzaren 28ra bitartean, bertako artista zein konpainia ez-profesionalek bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Zabalgana eta Salburua gizarte etxeetako antzokietan.
Haurrei, familiei, helduei zein gazteei zuzendutako emanaldiak izango dira, igandetan, 19:00etatik aurrera. Oraingoan, ikuskizun guztiak gaztelaniaz izango dira. Programazioa otsailaren 26an irekiko du Pánico Escénico konpainiak, Doy fe antzezlanarekin, Arriaga gizarte etxean.
Martxoan hiru hitzordu izango dira: hilaren 5ean, Eternas taldearen Apuntes sobre Bernarda, Zabalganean; hilaren 19an, Imanol Telleren De alta emanaldia, Aranan; eta martxoaren 26an, Mentes Escénicas konpainiak Brujas bailando el tango eskainiko du Zabalganean.
Apirilean beste bi ikuskizun izango dira: Titania taldearen Cita con Victoria, hilaren 2an Salburua gizarte etxean; eta Tercera Fila konpainiaren El búnker, hilaren 23an Aldaben.
Zikloaren azken txanpan, beste bi ikuskizun eskainiko dituzte: hilaren 14an, Ariznabarran, Juanjo Monagoren Informe para una academia bakarrizketa dramatikoa; eta zikloa amaitzeko, Tranpolaren Con una pizca de sal antzerki musikala, hilaren 21ean Zabalganean, Josune Velez de Mendizabal aktorearekin.
Sarrerak
Gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan (pilotalekuetan izan ezik) eskuratu ahal izango dira sarrerak, baita Udalaren webgunean ere, otsailaren 15etik hasi eta ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagora arte. Prezioa 3 edo 5 eurokoa izango da, ikuskizunaren arabera.
Orotara, 17 emanaldi eskainiko ditu Auzo Eszenaren 2023ko edizioak: horietako 9 orain aurkeztutakoak dira, otsailetik maiatzera antzeztuko direnak; udaren ostean, berriz, urritik abendura bitartean antolatuko diren beste zortzi emanaldiak aurkeztuko dituzte.
2019an, 3.524 pertsona joan ziren zikloaren barruan antolatutako emanaldietara. 2022an, pandemiaren testuinguruan, 1.366 lagunetara jaitsi zen kopurua. "Pandemia aurreko asistentzia datuak berreskuratzea espero dugu", aldarrikatu du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.
EGITARAUA
DOSIERRA