20 urteko gazte bat atxilotu dute sexu erasoagatik

Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 14:00
Salburua auzoan gertatu zen sexu erasoa. / Argazkia: WILL LEAVITT

Duela egun batzuk, hainbat salaketa jaso zituen bide publikoan masturbatzeagatik. Larunbatean, emakume bati ukituak egin zizkion, eta udaltzainek atxilotu egin zuten. Epaileak espetxeratzeko agindua eman du.

Larunbatean, Udaltzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen sexu eraso delitu bat egotzita. Polizia-oharraren arabera, ustezko erasotzailea emakume batengana hurbildu zen Salburua auzoko kale batean, eta "modu bortitzean eta etengabe" ukituak egin zizkion, korrika ihes egin aurretik.

Kalez jantzita zebilen udaltzain patruila batek artatu zuen biktima. Izan ere, egun batzuk lehenago, gizonezkoa eremu hartan ibilia zen, eta eraso delituagatik zein bide publikoan masturbatzeagatik hainbat salaketa jaso zituen.

Handik gutxira, gertakariak ikertzen ari ziren udaltzainek gizonezkoa aurkitu eta atxilotu egin zuten. Eta epaileak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen.

Atxiloketa gehiago

Horrez gain, Udaltzaingoak beste lau gizonezko atxilotu ditu asteburuan zehar; horietako hiru genero indarkeria delituak egotzita, eta beste bat etxeko indarkeria leporatuta.

Larunbatean, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arana auzoko etxebizitza batean bikotekideari eraso egitegatik. Egun berean 28 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten San Martin auzoan, ibilgailu baten barruan bere bikotekidea jipoitzeagatik. Hirugarren atxilotua 34 urteko gizonezkoa izan zen; bikotekidearekin borrokan aritu zen, eta emakumea ere etxeko indarkeria egotzita atxilotu zuten. Gizon eta emakume bana poliziaren patruila batekin harremanetan jarri ziren Madril kalean, eztabaida baten erdian elkarri eraso egin ziotela kontatuz.

Bestalde, 33 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten igande goizaldean, familiaren etxean alabari eraso egiteagatik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide