Otsailean Colectibop, Han eta Lotura izango dira Parralen

Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 19:00

Otsailaren 7an Colectibop taldea arituko da Parralen. / Argazkia: COLECTIBOP

Hilaren 7an, 14an eta 28an, 20:30ean, jazz hardbopa, rocka eta metal hardcorea entzun ahal izango da Parral Tabernako agertokian, Colectibop, Han eta Lotura taldeen eskutik.

Urtarrileko astearteak Pasadena, Barriomania eta Dena taldeekin eta Asisko Urmeneta komikilariarekin girotu ondoren, otsailean ere bueltan dira Parraleko astearte musikalak. San Frantzisko kantoiko oholtzak hiru talde hartuko ditu oraingoan.

Asteazken honetan, 20:30ean, Colectibop jazz hardbop taldeak irekiko du otsaileko programazioa. Gasteizko musikari talde bat da, "apaltasunetik eta errespetutik" musika afroamerikarraren unerik zirraragarrienetako bat XXI. mendera ekartzen saiatzen dena. Zehazki, 1944. urtean, Harlemeko Minton's Playhous klubean Thelonious Monk, Bud Powell, Dizzy Gillespie eta Charlie Parker musikariek beren indarrak batu zituzten garai hura. "Sortu zuten musika eta bere lengoaia gure garaira arte iraun du", aldarrikatu du Alvaro bateriak, Pablo kontrabaxu-jotzaileak, Aitor gitarristak, Iñaki saxo tenorrak eta Bingen tronpetak osatutako boskoteak.

 

Bigarren txanda, otsailaren 14an, Han rock talde elorriarrarena izango da. Zazpi urte igaro dira beren lehen lana argitaratu zutenetik. Handik gutxira, abeslariak taldea utzi zuen. Urteak pasa ahala eta hainbat lagunekin saiatu ostean, hirukote gisa jarraitzea erabaki zuten. Beratu diskoa 2021eko ekainean grabatu zuten entsegu lokalean bertan. Migel Alonso aritu da teknikari lanetan, eta Miguel Leonek, Karlos Gomezek eta Gorka Molerok osatzen dute taldea.

 

Azkenik, otsailaren 28an, Lotura metal hardcore talde bizkaitarrak itxiko du hilabeteko programazioa. Andoni Ugalde gitarjoleak sortutako eta berak, Pablo Buenok (baxua), Antonio Suarezek (bateria), Aitor Abiok (teklatua) eta Iker Aginagak (ahotsa) osatutako proiektua da. 2021ean, Aitor Abio (Pi L.T., Matxura, Revolta Permanent) produktore lanen buru izanik, taldeak bere lehen laneko kantuak grabatu zituen Fruizko Gaua Estudiotan: Automatak izan (Gaua Records, 2021), non Mikel Kazalisen (Negu Gorriak, Kuraia, Anestesia) kolaborazioa ere bildu duten, hain zuzen, Berriro izeneko kantan. 2022an, lau abestiz osatuta EPa grabatu zuen taldeak.

Azken hamarkadetako metal eta hardcore taldeen musikatik edan (Faith No More, Deftones, Pi L.T., Nine Inch Nails, Bring me the Horizon) eta estilo sendo bezain pertsonalean eman ditu taldeak bere kantuak. Oinarri erritmiko sendoak eta ahots melodia zainduek osatzen dute taldearen musika, hitzetan egunero zeharkatzen gaituzten gaiei helduta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide