Memoria historikoa ardatz izango du Orbainek otsailean zehar

Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 18:00

'Apaiz kartzela' dokumentalak irekiko du otsaileko zikloa. / Irudia: MALUTA FILMS

Otsailaren 7an, 14an, 21ean eta martxoaren 1ean Apaiz kartzela, El Entusiasmo, Montejurra '76 eta Vitoria, Marzo de 1976 dokumentalak proiektatuko dituzte Orbain Kultur Elkartean, Martxoaren 3ko 47. urteurrenaren atarian.

Urte berriarekin batera, Orbain Kultur Elkarteak Doku-Mental zikloa berreskuratuko zuen urtarrilean, eta otsailean ere ikus-entzunezkoak eskaintzen jarraituko dute. Urte osoan zehar (salbuespenekin), asteartero 19:00etan izango dira film eta dokumentalen proiekzioak, Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian kokatutako lokalean.

Ikus-entzunezkoen zikloa maiatzean abiatu zuen Orbainek, eta orduz geroztik hogei dokumental baino gehiago proiektatu dituzte, ondorengo solasaldi, eztabaida eta gogoetekin. Askotariko gaiak landu dituzte, betiere punk musika eta bere ingurukoak ardatz hartuta: besteak beste, lan mundua, Sahara, armadak, turismoa, Palestina, Joe Strummer, LGTBIQ+ mugimendua, Sid Vicious, errepresioa, okupazio mugimendua, emakumea, La Polla Records, drogak, punka Madrilen, punka Norvegian, Shane MacGowan eta drogak izan dituzte hizpide.

"Ahazten duenak, errepikatuko du. Zenbat hildako ahaztuak utzi zituen trantsizioak? Trantsizioa ez zen eredugarria izan, ezta baketsua ere", kritikatu dute Orbain Kultur Elkarteko kideek. "Biktima askok, gaur egun ere, ez dute errekonozimendurik jaso. Hildako eta biktima deserosoak, ez bakarrik eskuinarentzat eta estatuko botere gorenentzat, deserosoak ere ezkertiarrak omen diren espazioentzat. Oraindik ere, asko eztabaidatzeko, hausnartzeko eta kritikatzeko".

Horregatik, otsailean zehar, Martxoaren 3ko gertakarien 47. urteurrenaren atarian, memoria historikoa izango da zikloaren ardatza:

Apaiz kartzela

Otsaileko lehenengo hitzordua astearte honetan izango da, hilaren 7an, Apaiz kartzela (Oier Aranzabal, Ritxi Lizartza eta David Pallares, 2021 - 85 minutu) dokumentalarekin. Proiekzioaren ondoren, solasaldian izango dira Ritxi Lizartza ekoizle eta zuzendaria, Felix Placer Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeko kidea eta Juan Mari Arregi apaiz ohia, erbesteratu politiko ohia eta kazetaria Egin eta Argia hedabideetan.

Zamorako apaiz-kartzelan (1968-1976) preso zeuden lau apaizek kartzela bisitatzera itzuli ziren, eta, zenbait kasutan, hamar urte baino gehiagoko zigorrak ezarri zizkieten mezetan errepresio frankista salatzeagatik. Hain zuzen ere, Franco diktadorea izan zen, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua erabiliz, Kartzela Konkordataria sortu zuena, erlijiosoentzako munduko bakarra. Dokumentalak Madril, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko 53 erlijiosori egin zieten bidaia errealaren historia kontatzen du.

 

El Entusiasmo

Otsailaren 14an, El Entusiasmo (Luis E. Herrero, 2018 - 80 minutu) dokumentalaren txanda izango da. Proiekzioaren ostean, solasaldian parte hartuko dute Satur Saez de Ibarra eta Juan Gomez Perin CNTko kideek.

Franco diktadorea hil ondoren, denak posible zirudien. Dokumentala CNTren Trantsizioko urterik eferbeszenteenetan bildu ziren mugimendu libertario eta kontrakulturaletan murgiltzen da. Bi urte eskasean, langileen antolaketa historikoa klandestinitatetik ekitaldi jendetsuak antolatzera igaro zen, bilakaera meteoriko batean, eta 1978aren hasieran poliziaren infiltrazio kasu uher batekinamaitu zen, Scala kasua deiturikoarekin. Urte errepikaezinen historia da, non kaleak eta egunkariek utopiaz, iraultzaz, hausturaz, erreformaz eta aldaketaz hitz egiten zuten; nolabait ere, porrotaren historia. Filmak 70. hamarkadako zinema militante eta alternatiboaren filmak berreskuratu ditu, horietako batzuk argitaratugabeak.

 

Montejurra '76

Otsaileko hirugarren eta azken hitzordua hilaren 21ean izango da: Montejurra '76. Claveles rojos para un adiós (Iratxe Perez, 2016 - 60 minutu) dokumentalarekin. Dokumentalaren ondoren, Iratxe Perez zuzendari eta gidoigileak eta Josu Chueca historialari eta EHUko irakasleak parte hartuko dute solasaldian.

1976ko maiatza. Nafarroako herri txiki batean, krispazio urte haietan diktaduraren aurkako aldarrikapen ekintza bihurtu zen erromeria karlista batean, ultraeskuineko indarrek zuzendutako ekintza armatu batek zaurituen errekastoa eta bi hildako utzi zituen: Aniano Jimenez Santos eta Ricardo Garcia-Pellejero Lizarrako gaztea.

Dokumentala historia konplexu baten berrikuspena da, gaur egun ere orrialde bukatugabeak dituena. Historia horrek Espainiako trantsizioaren ondorioen azterketa sakonagoa egitera gonbidatzen gaitu, ofizialki ahaztuta eta isilarazita dauden biktima deserosoena. Ahora-Orain taldeak sustatuta, dokumentalak argitaratu gabeko materiala eta 30 bat testigantza biltzen ditu: Lizarrako jendea, biktimen familiak eta lagun taldeak, lekuko zuzenak, zauritutako pertsonak, politikariak, sindikatuetako buruak, militante karlistak, bertan egon zen guardia zibil erretiratu bat...

 

Vitoria, Marzo de 1976

Otsaila amaituta, martxoaren lehenarekin batera eta Martxoaren 3aren 47. urteurrenaren bezperetan, Vitoria, Marzo de 1976 (Luis E. Herrero, 2019 - 22 minutu) dokumental laburra eskainiko dute. Luis E. Herrero zuzendariak, Lander Garcia Martxoak 3 Elkarteko kideak eta Andoni Txasko Martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak ikus-entzunezkoaren aurkezpenean eta ondorengoko mahai-inguruan parte hartuko dute.

1976. urtearen hasieran, Espainiako Estatua gatazken zurrunbiloan murgilduta zegoen. Franco hil ondorengo egoera politiko delikatua larriagotu egin zen krisiaren eraginagatik, gobernua soken kontra jarriz. Gasteizen, langileen batzarrek grebara deitu zuten martxoaren 3an. Demokraziarako trantsizioa markatuko zuen tragedia zetorren. Gasteiz trantsizioko unerik kritikoenetako baten protagonista izan zen. 1976ko martxoaren 3an, San Frantzisko elizako batzar batean, hiru langile hil ziren poliziaren tiroen ondorioz. Beste bi hurrengo egunetan hilko ziren, zaurien ondorioz. Artxiboko materialean soilik oinarrituta, dokumentala gertakarien testigantza ikaragarria da.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide