Olaranbeko instalazioen egoera "onartezina" salatu dute jokalariek

Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 13:20

Astero ehunka kirolari igarotzen dira Olaranbeko instalazioetatik. / Argazkia: CD AURRERA

Aurrera taldeko jokalariek ohartarazi dute negu betean ura hotz edo "irakiten" ateratzen dela dutxetatik, eta, ondorioz, kirola egin ondoren dutxa hartzea "ezinezkoa" dela. Arazoa "berehala" konpontzea eskatu diote Udalari.

Aurrera de Vitoria Kirol Klubeko jokalariek adierazpen bat plazaratu dute "hainbeste ordu pasatzen ditugun eta hainbeste jokalari hartzen dituen" Olaranbeko instalazioen baldintzen aurrean. "Badakigu Arabako eta, zehazki, Olaranbeko futbol zelaien egoera zein den; zelaiaren argiztapena eta baldintzak ez dira egokiak, ezta entrenatzeko edo lehiatzeko seguruenak ere", salatu dute.

Hala ere, oraingoan aldagelen egoera izan dute hizpide, "oinarrizkoa eta, aldi berean, funtsezkoa den zerbait eskatzeko": higiene ohitura egokiak izateko aukera. "Egoera onean egotearren inoiz nabarmendu ez diren arren", azaroaz geroztik aldageletako dutxen egoera "onartezina" dela diote.

Negu betean, ura hotz edo, kontratik, "irakiten" ateratzen dela ohartarazi dute. Ondorioz, kirola egin ondoren dutxa hartzea "ezinezkoa" da. "Gainera, aldagela bakoitzean dauden ur beroko dutxen erdiak baino gutxiagok funtzionatzen dute aldi berean presio egokiarekin", azaldu dute.

"Klubeko jokalariez gain, asko dira astebururo dutxatu ezinik etxera itzuli behar izaten diren taldeak", kritikatu dute jokalariek. "Talde horiek askotan beste probintzia eta erkidegoetatik etortzen dira. Horregatik, arazoa segituan konpontzea eskatzen dugu". Gaur egun, instalazioen kudeaketa Gasteizko Udalaren eskumena da, eta dagoeneko zaharkituta geratzen ari diren kirol instalazioak berritzeko asmoa agertu du behin baino gehiagotan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago