Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko memoria zentro bihurtzeko xedea duen Memoria Gara egitasmoak atzoko eta gaurko migrazio prozesuak aztertuko ditu otsailaren 7an, 8an eta 9an egingo diren jardunaldietan. "Iraganean emigratu zutenen eta gaur egun emigratzen dutenen arteko elkarrizketa bat egitea" izango da ekimenaren helburu nagusia, "euren bizitzen eta borroken inguruan" aritzeko.
"XX. mendearen bigarren erdian Estatuko hainbat tokitatik Gasteizera etorri ziren pertsonek diskriminazio bikoitza jasan zuten: jatorriagatik eta klaseagatik. Frankismoak ezarritako gizarte eredu klasistan eraikitzen ari zen Gasteiz berri batean, arrazismoa ere agertu zen", azaldu du antolatzaileen artean dagoen Juan Ibarrondo idazleak. "Jende horiei mespretxuz deitu zitzaien korearrak, eta sindikatu bakarreko eta gobernu diktatorialeko erregimen autoritario batek zaindutako lan esplotazioa jasan zuten. Hala ere, oso paper garrantzitsua izan zuten 1976ko martxoko borroketan eta Martxoaren 3an".
Gaur egun, ia bost hamarkada beranduago, beste latitude batzuetako pertsonak etortzen dira Gasteizera, lan egitera eta bizitzera. Orduan bezala, berriz ere "diskriminazioak" jasaten dituztela dio Memoria Garak: "Diskriminazio horiek ezberdinak dira, baina mingarriak bezain bidegabeak dira, etxebizitza eskuratzeari, beren bizitzak legeztatzeari, lan esplotazioari eta arrazakeriari dagokionez. Eta, orduan bezala, emakumeak dira diskriminazio hori gehien pairatzen dutenak, genero desberdintasuna gainerako diskriminazioei modu intersekzionalean lotuz; hau da, klaseari, arrazari, generoari, identitateari eta sexu aukerari dagokienez".
Bi solasaldi eta emanaldi bat
Atzoko eta gaurko migranteak izenburupean antolatutako jadunaldietan, Memoria Garak "krisi globaleko garai nahasi hauetan" gertatzen den migrazio fenomenoari buruzko begirada globala emango dio lehenengo egunean, otsailaren 7an, asteartean, 19:00etan Aldabe gizarte etxean. Bertan izango dira Raul Zibechi Uruguaiko analista ospetsua (bideo-konferentzia bidez), Javier Barbero EHUko irakasle eta aditua, eta Amparo Las Heras idazle eta aktibista.
Bigarren saioa asteazkenean izango da, hilaren 8an, 19:00etan Aldabe gizarte etxean. Mahai-inguru honetan, gaur egun gure hirian dauden migratzaileen egoera aztertuko da, joan den mendeko 60. eta 70. hamarkadetako emakume eta gizon migratzaileen memoriarekin elkarrizketan. Rosabel Argote ZEHAReko aktibista, Aritza Saez del Castillo historialaria, Tania Cañas abokatu eta ekintzaile salvadortarra, eta Zuriñe Rodriguez kazetariaren eskutik izango da, Juan Ibarrondo idazleak aurkeztu eta dinamizatuta.
Ostegunean, jardunaldiei amaiera emateko, kantaldi bat eskainiko dute Elh Malik afrikar abeslariak, Jon Maia eta Paula Amilburu bertsolariek, eta Gorka Etxebarria kantautoreak, Zaramagako Hogar Extremeño zentroan. Sarrera doakoa izango da.
EGITARAUA
