Judge Dread omenduko dute Gasteizko Gaztetxean, The Moskito Bite talde katalanarekin

Mikel Buruaga 2023ko ots. 3a, 13:20
Judge Dread Memorial alemaniarra eta The Moskito Bite talde katalana. / ALEA

Zuretzako Mezua reggae kolektiboak bere XIV. jaialdia eskainiko du larunbatean, otsailaren 4an, Hala Bedi Tabernan eta Gasteizko Gaztetxean. 1998an oholtza gainean hildako Judge Dread reggaearen eta skinhead mugimenduaren ikonoari omenaldia egingo diote.

1998ko martxoaren 13an hil zen Alexander Minto Hughes, Judge Dread bezala ezagunagoa. Britania Handiko reggaearen ikonoa eta Jamaikan hit bat lortu zuen lehen artista zuria, agertokian hil zen Canterburyn, kontzertu baten erdian. "Entzun dezagun banda": horiek izan ziren, The Times-en arabera, bere azken hitzak, belauniko erori aurretik.

Publikoak uste zuen ikuskizunaren parte zela. BBCk beste edozein artistari baino abesti gehiago zentsuratu zizkion, askotan sexua eta zentzu bikoitzeko hizkuntza erabiltzen zituelako. Guinness Records liburuaren arabera, zentsuratutako abesti kopuru handienaren errekorra izan zuen bere garaian.

Larunbat honetan, otsailaren 4an, Zuretzako Mezua reggae kolektiboak bere XIV. jaialdia eskainiko du Gasteizen, eta Judge Dread handiari omenaldi bihurtuko dute. Festa Elizondo Tabernan hasiko da 13:00etan, Jamaikako doinu onenez goxotutako lehen marianitoa hartzeko. 14:00etan, Hala Bedi Tabernara eramango dute giroa, Kutxi kaleko taska onenetan arrosarioan ibili ostean, Arabako babarrun pintarik onenak dastatzeko. 16:30etik aurrera, binilozko reggae pintxadak hasiko dira Young Buster, Toni Dekker eta Mr. Mutton Chops selektoreen eskutik.

20:00etatik aurrera, jaialdia Gasteizko Gaztetxera igoko da, The Moskito Bite taldearen eta Judge Dread Memorial tributoaren kontzertuekin gozatzeko. Kontzertuen ostean, 00:30ak aldera, dantza egiten jarraitzeko aukera egongo da, The Kid With No Name, Suber Heat, Antigona eta Double Sider selektoreekin, baita The Moskito Bite taldeko abeslari Ivan Thorpedoren hautaketa musikal dotorearekin ere.

Kontzertuetarako sarrerak 5 euroan salgai daude Old Tower Stuff eta Hala Bedi Tabernan, baina Gaztetxean bertan eskuratzeko aukera egongo da ere.

 

The Moskito Bite

The Moskito Bite taldeak 1969. urtearen bueltako rocksteady eta reggae soinu ahaztuak bueltan ekarriko ditu Gaztetxera, abesti propioak jendaurrean jarriz eta Jamaikako kanta klasikoenak berreskuratuz. Mandanga Reggaearen erregeak dira, Bartzelonatik zuzen-zuzenean iritsita. "Garai ilunenetan gudu onenak pizten dira": Lord Tennantcious Monken hitz horiek inspirazioa izan ziren sei pertsona ia gazte hauek odisea musikal honetan murgiltzeko. Horrela sortu zen The Moskito Bite taldearen hazia, rocksteady eta reggae doinuak lau alboetatik arnasten dituen taldea.

 

Judge Dread Memorial

Larunbateko jaia Judge Dread handiari omenaldia izango da, "parrokia mandangeroak" gehien aldarrikatutako pertsonaietako bat baita. Horretarako Alemaniatik zuzenean ekarri dute mundu osoko imitatzailerik ezagunena: Judge Dread Memorial. Bere klasikoak abestuko ditu, The Moskito Bite taldeak backing band-aren funtzioak egiten dituen bitartean. Ostiralean Bartzelonako La Deskomunal aretoan arituko dira, furgoneta hartu eta Gasteizera etorri aurretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide