Berrakuratuta bizi zen familia bat etxegabetu dute Alde Zaharrean

Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 11:00
San Bizente aldapa, Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

Alde Zaharreko etxebizitza sarearen arabera, inkilino ofizialak etxebizitzako logelak berralokatzen zizkien familia zaurgarriei, eta astebeteko epearekin kaleratu du familia hau, 9 hilabeteko ume batekin.

Auzoan Bizik aste honetan jakinarazi du Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sarearen parte den familia bat etxegabetu dutela. 9 hilabeteko ume bat duen familia hiru hilabetez egon da kontraturik gabeko logela bat alokatzen, edo, hobe esanda, berrakuratzen. Izan ere, inkilino ofizialak etxebizitzako logelak alokatzen zizkien egoera zaurgarrian zeuden familiei.

Orain etxegabetutako familiak bertan igarotako hiru hilabete horietan, inkilinoak "praktika mafioso eta espekulatzaileak" izan dituela salatu du Auzoan Bizik. "Bere beharren arabera dirua eskatu eta astebeteko epearekin logelatik bota ditu", azaldu du bizilagunen sareak, antzeko egoera "asko" ikusten dituztela ohartaraziz.

"Inolako kontraturik gabeko alokairuetan bizi diren auzokideak asko dira, gehienak berrakuratze egoeran eta erroldarik gabe. Gela bat alokatzeagatik diru kantitate altua ordaintzen dute, hainbat familia pilatuta eta baldintza oso txarretan bizita", azaldu dute. "Inork ez du horrelako egoeran bizi nahi, baina ez daukate beste aukerarik, eta hori kalea baino hobea izan ohi da".

Auzokide horiek etxebizitza horietako jabeen eta berrakuratzailearen "abusu eta praktika espekulatzaileen aurrean inolako babesik gabe" bizi direla ohartarazi dute. "Ez hori bakarrik, kontratu eta erroldarik gabe Udalak zailtasun handiak jartzen dizkie oinarrizko eskubide eta zerbitzuen sarbiderako. Zaila izaten da egoera horietan gatazka publiko egin eta gure etxeak defendatzea", deitoratu dute.

Horren guztiaren aurrean, Auzoan Bizi sareak etxejabe eta berrakuratzaileak "seinalatu" nahi ditu, "aurrera eramaten dituzten praktika espekulatzaile eta mafiosoengatik", baita instituzioak ere, "etxebizitzaren gatazkan jabeen eta espekulatzaileen alde politika egiteagatik". Azkenik, "borrokarako eta antolakuntzarako" deia egin dute, "etxebizitzaren desmerkantilizazioa lortu eta horrelako egoera eta praktikak behingoz desagerrarazteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide