TAO sistema berria Judimendi, Arana eta Adurtza aldera hedatuko da 3.300 aparkalekurekin

Erredakzioa 2023ko ots. 1a, 18:30
Logroño kalea; ezkerrean, parkimetro digital berrien irudikapena. / Argazkia: ZARATEMAN

Datozen asteetan marka berriak margotu eta 30 parkimetro digital jarriko dituzte Judimendin, Adurtzan, San Kristobalen, Santiagon eta Aranan. Ondoren, TAO sistema digital berria hiri osora hedatuko da.

Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sarearen bidez, berehala ekingo dio TAO berria ezartzeko eta modernizatzeko planari. Sistema digitala izango da Gasteiz osoan, eta hiriaren ekialdeko zein hego-ekialdeko eremuetara zabalduko da araututako 3.300 plaza berrirekin. Plaza gehienak egoiliarrentzat esklusiboak izango dira.

Lehenengo lanak datozen asteetan egingo dira: parkimetro berriak instalatzea eta araututako plazak identifikatuko dituzten bideko markak pintatzea. Edonola ere, TAO berria ez da funtzionamenduan jarriko sistema osoa prest izan arte. Udalak dagokion komunikazio eta informazio kanpaina abiatuko du datak denborarekin jakinarazteko.

TAO sistema berriaren elementu nagusia hiri osoan zehar jarriko dituzten parkimetro digitalak dira, eraginkorragoak eta automatizatuak diren kontrol sistema eta teknologia berriekin. Horrek guztiak Next Generation EU funtsen finantzaketa handia jaso du.

Horrekin batera, Judimendi, Adurtza, San Kristobal, Santiago eta Arana auzoetako bizilagunek egindako eskaerari erantzun nahi izan die Udalak, urteak baitzeramaten TAO sistema hedatzea eskatzen. "Eremu horietan bizi diren pertsonentzat aparkalekua bermatu eta, aldi berean, erdigunerako joan-etorriak jasangarriagoak diren garraiobideen bidez egitea bultzatu nahi da, muga-efektua eginez eta ibilgailuen inbasioari aurre eginez", azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak.

Lehen fasean, 30 parkimetro berri instalatuko dituzte auzo horietan. Bigarren fase batean, berriz, beste 140 banaketa-makina jarriko dituzte gaur egungo TAO eremuetan zerbitzua eskaintzen dutenak ordezkatzeko.

Halaber, TAO gune berrietan bizilagunentzako plazak (berdeak), bizilagunentzako plaza esklusiboak (berdeak-gorriak) eta errotazio handiko plazak (laranjak) izango dira. Bizilagun-txartela lortzeko interesa duten auzokideek eskaera formulario baten bidez erregistratu beharko dute.

Azkenik, Trafikoko Zerbitzuak gogorarazi du TAO telefono mugikorretik kudeatu eta ordaindu ahal izateko aplikazioak eskuragarri daudela:

MAPA

 

PLANOA (xehetasun guztiekin)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide