Espainiako Poliziaren agente batek hiru urte eman ditu Bartzelonako mugimendu sozialetan infiltratuta, 2020tik 2023ra bitartean. Horretarako, "harreman sexu-afektibo instrumentalak" mantendu zituen bertako hainbat emakumerekin, herri mugimenduetara hurbildu eta horietatik informazioa lortzeko helburuarekin.
Aste honetan, La Directa hedabide katalanak atera du kasua argitara. Bartzelonako aktibisten aurkako antzeko bigarren espioitza kasua da, edo, behintzat, La Directak ikertu eta argitaratu duen bigarrena.
Gemma Garcia, Jesus Rodríguez eta David Bou kazetarien ikerketaren arabera, infiltratua Bartzelonako Sant Andreu de Palomar auzora iritsi zen 2020ko ekainean, Daniel Hernandez Pons ezizena erabiliz eta Mallorcako gazte bat zela esanez. Antza denez, hiru urtez garatutako espioitza operazioa Espainiako Barne Ministerioaren agindupean egin zen.
Erreportaje nagusiarekin batera, Unes jornades al País Basc, trampolí cap a Madrid artikulu osagarria kaleratu du hedabide katalanak, eta ARGIA hedabideak xehetasun guztiak jaso ditu euskaraz.
Bertan argitaratutako informazioaren arabera, D.H.P. polizia infiltratua Gasteizko Errekaleor auzoan ibili zen lau egunez. Izan ere, 2021eko irailaren 16tik 19ra bitartean, Topaketa Libertarioak antolatu zituzten bertan, Badajozeko La Algarroba Negra zentro sozialari laguntzeko. Infiltratuak ere parte hartu zuen, Barztelonako La Cinétika zentro sozialaren izenean, Espainiako Estatuko beste hainbat kolektiboko kideekin batera.
"Errekaleorreko jardunaldietara joan aurretik, azken momentuan apuntatu zen, nahiz eta erasoen aurkako gida bat aurkeztera gindoazen, non berak ez zuen parte hartu", azaldu dute La Cinétikako kideek La Directa hedabidean. Besteak beste, arropa eta materiala erosi zuen Errekaleorren, eta orduz geroztik leku ugaritan jantzi zituen.
🧐 El policia infiltrat durant tres anys als moviments socials de Barcelona també ha participat en diferents activitats i esdeveniments polítics al País Basc i Madrid 👇https://t.co/ysbrWd7aVt pic.twitter.com/0KauXJfl2c
— David Bou (@dvdbou) January 30, 2023
#EspionatgedEstat | Gure barneak biluztu arren, inoiz ez dituzue ulertuko gure bihotzen taupadak.
— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) January 30, 2023
Hala ere, ez dezagun ahaztu polizia eta estatua beti dagoela lanean. Babes gaitezen, babes ditzagun gure espazioak.
Mila esker @La_directa|ko kideei, egindako lan guztiagatik. https://t.co/gy1Elfux9g