LABE Gazte Laborategia sortu dute Gasteizen

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 18:30
LABE Gazte Laborategia, San Vicente de Paul kaleko 21. zenbakian. / GASTEIZKO UDALA

12 eta 30 urte arteko Gasteizko gazteentzako espazio artistikoa eta topaketa gunea izango da LABE Gazte Laborategia, Alde Zaharrean bertan. Ostegunean izango da inaugurazioa, Dibu artistaren eta La Madre de Jose eta Delenda Est taldeen eskutik.

Gasteizko Udalak, Gazteria Zerbitzuaren bitartez, gazte sorkuntza bultatzeko espazio berri bat martxan jarri du San Vicente de Paul kalearen 21. zenbakian, Alde Zaharreko erdigunean. LABE Gazte Laborategia 12 eta 30 urte arteko gazteentzako espazio artistikoa izango da, eta sorkuntzarekin lotutako jarduerak bideratu ahal izateko topagune izatea du xede, kultura, sorkuntza, partaidetza eta topaketa bateratuz.

Gazte Planeko jarduera lerroetako bat izanik, lokala egokitu eta eraberritu du Udalak azken hilabeteetan, gune fisikoa balioaniztuna izan dadin. Hortaz, erakusketa aretoa, gune muralistikoa, tailer eremua eta areto balioaniztun bat izango ditu; azken horretan, hitzaldiak, proiekzioak edota eztabaidak egin ahal izango dira, baita beharren arabera moldatu ere.

"Orain aurrean dugun erronkak, ordea, are helburu handiagoak ditu: gazteekin batera, guneari edukia ematea", azpimarratu du Gazteria Saileko zinegotzi Miren Fernandez de Landak. Gune horretan, beren sormenezko proiektuak aurrera eraman ahal izateko espazioa behar duten eta jarrera zein interesa duten gazteen beharrei erantzuna eman ahal izateko kudeaketa bateratua eskainiko du Udalak, "autonomia" emanda.

Lehen urratsak

Inaugurazioa ostegunean, otsailaren 2an, izango da, Adriana Fariñas argazkilariaren In my mind erakusketarekin. Hurrengo egunean, hilaren 3an, Dibu artistarekin graffiti bat egiteko prozesua ikusi ahal izango da, La Madre de José eta Delenda Est taldeen kontzertuarekin lagunduta. Otsailaren 4an, berriz, esperientzia sentsorial erlaxatuaz eta alternatiboaz gozatzeko aukera egongo da, Diskoteka horizontala proiektuarekin.

Lehen hitzordu horiekin batera, LABE espazioak bi deialdi artistiko ireki ditu dagoeneko, sormenezko prozesuak bertan garatzeko: Emakume ugari eta Hiru marran.

Bestalde, larunbatero, goizez, gazteentzako Kultur-Truk ekimena egingo dute, truke kulturalerako gunea, kulturarekin eta gazteriarekin lotura duten aldizkariak, liburuak, komikiak eta bestelakoak trukatu ahal izateko.

Parte hartzea

"Laborategian" parte hartzean interesatuta dauden gazteek www.vitoria-gasteiz.org/labe webgunean edo labe@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikoaren bidez eskura dezakete informazioa. Bestela, Gazteriaren Zerbitzuaren bidez jar daitezke harremanetan, edo lokalera bertara joan, ostegun eta ostiraletan 19:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide