Paula Paez artistak egin du aurtengo Gasteizko Inauterien kartela

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 12:50
Paula Paez ‘Non dago nire sardina erdia’ lanarekin. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Otsailaren 14tik 21era bitartean ospatuko dira 2023ko Inauteriak Gasteizen. Paula Paez gasteiztarraren Non dago nire sardina erdia? lanak irabazi du kartel lehiaketa.

Gero eta hurbilago ditugu Inauteriak. Egun handiak otsailaren 18a eta 19a, ostirala eta larunbata, izango diren arren, jai herrikoiak hilaren 14tik 21era  bitartean luzatuko dira Gasteizen.

Horretarako, urtero bezala, Inauterietako jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du Gasteizko Udalak, eta astearte honetan jakinarazi dute irabazlea: Paula Paezen Non dago nire sardina erdia? lanak irabazi du; egileak 1.500 euroko saria jasoko du. "Kartel ezberdina da, motibo ugariren artean elkartuta gure hirian horren herrikoiak diren jaiak erakusten dituzten bi sardina erdiak bilatzera gonbidatuko gaituena", azaldu du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estibaliz Cantok.

27 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, 25 artistaren eskutik. Arabako diseinu arloko hiru profesionalek osatutako epaimahaiak aukeratu zituen lan finalistak: Paezen lanarekin batera, Alex Echeitaren Berri-zahar cartoon eta Arrate Garcia-Ardanazek eta Mora Lopez de Vicuñak elkarrekin aurkeztutako Jolas dezagun eta Ihauteriak dibertsitateaz blai!. Lan bakoitzarengatik 250 euro irabaziko dituzte egileek.

Finalista horien artean, botoen %100 jaso ditu lan irabazleak. Kasu honetan, epaimahaia Kultura eta Komunikazioko bi udal teknikarik eta IDarte Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolak, Arte eta Ofizioen Eskolak eta Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa) zentroak osatu dute.

Aurkeztutako kartelen erakusketa otsailaren 6tik 20ra bitartean egongo da ikusgai Pilar eta Salburua gizarte etxeetan.

Paula Paez

Paula Paez Carasa 24 urteko artista gasteiztarra da. Sorkuntza eta Diseinua ikasi zuen Ilustrazioan minorrarekin EHUn, Leioan. Graduatu ondoren, 2D Animazioan masterra egin zuen Madrilgo Trazos eskolan. Gaur egun, 3D-arekin esperimentatzen ari da, bere ilustrazio eta karteletara gehitzen saiatzen den eszena eta pertsonaiak modelatuz.

Lehiaketa honetara aurkeztutako kartelaren oinarria Non dago Wally? liburuak dira, eta mozorro bikotea topatzen ez duten pertsonaien perspektibatik abiatu da. "Hortik sortu dira elkarri lotutako pertsonaien mugimendua eta ugaritasuna", azaldu du egileak. "Dinamikoa eta dibertigarria da, elkarrekin eragiten duten eta ikuslearen begirada zuzentzen duten pertsonaiez betea baitago. Horren bidez, kartelaren aurrean gelditzera eta gertatzen dena gertuagotik aztertzera gonbidatzen gaitu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide