Asteburuko botearen sosak soberan geratu bazaizkizue joan aurrezten, behar izango baitituzue, edo euromilioia, Gasteizko Estibalizko etorbidean Olabide Ikastolaren egoitza izan zen eraikina erosi nahi izanez gero. Engel & Völkers Vitoria higiezin agentziak salgai jarri du hiru solairuko etxe atxikia. Bertan bizitzeko "aukera errepikaezina" eskaintzen dute, 270 metro karratu eta 70 metro karratuko soto bat duen eraikinean, "guztiz zaharberritua eta erdigunearen ondoan", eta "igogailu homologatua duena".

Engel & Völkers Vitoria-k idealista.com webgunean xehetasun handiz azaltzen duenez, "gaur egun, haurtzaindegi gisa funtzionatzen duen etxe eder hori erabat birgaitu zen 2005 eta 2007 artean, kalitate handienarekin". Birgaitzeari dagokionez, bereziki azpimarratu dute energia eraginkortasuna hobetzeko, hormak isolatu direla, "kalitate handiko leihoak" jarri dituztela, eta zoru erradiatzaile freskagarria jarri dutela: "Neguan beroa emateko eta udan hozteko pentsatutako instalazio mota bat". Era berean, azpimarratzen dute eraikinaren igogailuak "udalaren baimen guztiak" dituela, "eta horrek bakar bihurtzen du, gaur egun ez baita horrelako lizentziarik ematen".
Eraikin historikoa
Higiezinen agentziak eraikina saltzeko egindako aurkezpenean gogoratzen du, gainera, 1968 eta 1973 urteen artean Olabide Ikastola hartu zuen Estibaliz etorbidean kokatutako jabetza "euskararen eta gure hiriaren historia" dela; eta Jose Lejarreta kalearen eta Estibalizko Andre Mariaren etorbidearen artean dauden etxebizitza-bloke horiek Gasteizko Kooperatibaren Etxe Merkeak izenez ere ezagutzen direla. "Harrizko urbanizazio eder hori izan zen Gasteizen, 30eko hamarkadaren hasieran, Jose Luis Lopez de Uralde arkitektoak eraiki zituen lehenengo atxikiak".
Gaur egun, berriz, Engel & Völkers Vitoria agentziaren arabera, "etxe horiek hiriko esklusiboenetarikotzat hartzen dira, beren arkitektura ederrari, balio historiko ikaragarriari eta, batez ere, Gasteizko zerbitzu guztiak oinez minutu gutxira izatea ahalbidetzen digun kokapen pribilegiatuari esker".