Umbra Light Festival otsailaren 9tik 11ra itzuliko da

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 12:00
2021eko edizioko instalazio bat, Andre Maria Zuriaren plazan. / Argazkia: UmbraFestival.com

Otsailaren 9an, 10ean eta 11n, Gasteizko kale, plaza eta eraikin enblematikoenak argiz beteko dira 23 instalazioko ibilbidearen bidez.

Bi aste barru Gasteizera itzuliko da Umbra Light Festival argiaren eta artearen jaialdia, Arabako hiriburua argiztatu eta konektatzeko. Gainera, jaialdia hazi eta hedatu egingo da hirugarren edizio honetan, instalazioen eta parte hartuko duten artisten kopuru handiago batekin: guztira, 23 instalazio eta performance izango dira, eta horietako 12 primizian estreinatuko dira.

2019ko (84.000 bisitari eta hotelen %78ko okupazioa) eta 2021eko (107.000 bisitari eta hotelen %95eko okupazioa) edizio arrakastatsuen ostean, nazioarteko erreferente bilakatu da Argia 3 Kultur Elkarteak antolatutako eta Gasteizko Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako jaialdia. Astelehen honetan Montehermoso Kulturunean egin dute ekitaldi berritzailearen aurkezpena.

Aurtengo leloa Enpatia da, "altruismoarekin, maitasunarekin, kezkarekin eta laguntzeko gaitasunarekin estu lotuta dagoen emozioa", antolatzaileek azaldu dutenez. Horregatik, komisarioen taldeak hautatutako artistei eskatu die haien argi-instalazioekin kontzeptu horretara hurbiltzeko eta gogoeta egiteko.

Instalazioak hiriko erdigune historikoan garatuko dira batez ere, baina baita beste eremu esanguratsu batzuetan ere, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatutako hainbat ibilbidetan egituratuta: hego-mendebalderantz, Prado parkerantz; mendebalderantz, Europa Biltzar Jauregirantz; eta ekialderantz, Santa Barbara plazaraino. Halaber, barnealdeko espazio berri batzuetan ere izango dira instalazioak: Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa, Europa Jauregia, Santa Maria Katedraleko kripta, Montehermoso Kulturuneko ur-biltegia...

Obra nabarmenduak

Antolatzaileek zenbait instalazio nabarmendu dituzte:

  • Kymatic, San Miguel elizaren atarian. Bilboko Gheada ikus-entzunezkoen estudioak sortu du, Añanako Gatz Haranetik ateratako gatza erabiliz. Instalazio horrek aukera emango die bertaratzen direnei zientzia zinetikoa (ale fineko material jakin batzuekin sortutako patroi geometrikoetatik abiatuta, soinu-uhinak ikustea) esperimentatzeko, tresna interaktiboen bitartez.
  • Cloud, Frai Francisco Vitoria kalean. Bonbillen "hodeiak" interakzioa izango du publikoarekin eta "tximistak" sortuko ditu bere gainazalean. Bitxikeria teknologiko gisa, instalazio hau erabat analogikoa eta interaktiboa da. Caitlind Brown eta Wayne Garrett kanadarrek sortu dute, eta Garage Museum of Contemporary Art museoak enkargatu zien Art Experiment 2013 jaialdirako.
  • Exponential, Santa Barbara plazan. Lucid Creates kolektibo britaniarraren pieza hau erakartzeko duen gaitasunagatik nabarmenduko da. Jende askok Covid-19aren itxialdiaren garaian sentitu zuen nahasmenduaren eta kaosaren sentimendua islatzen du. Ispiluen kuboen gisa dago egituratuta, eta argiak, soinuak eta gogoetak sentsazio izugarria sortzen dute, klima aldaketaren erronkei aurre egiteko eta hondamendi ekologikoak ekiditeko kolektiboan jarduteko beharraz gogoeta egitera bultzatuz.

Ordutegiak

Instalazioak otsailaren 9tik 11ra bisitatu ahal izango dira, hau da, ostegunetik larunbatera, 19:00etatik 22:00etara bitartean. Hala ere, ordutegi bereziak egongo dira hainbat kasutan:

  • Andre Maria Zuriaren plazan dagoen 00 instalazioa, musika eta perkusio performancea. Orduro, hogei minutuko ikuskizuna: 19:30etik 19:50era, 20:30etik 20:50era, 21:30etik 21:50era eta 22:30etik 22:50era.
  • Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa: otsailaren 10ean eta 11n, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 22:00etara; otsailaren 12an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, gune horretako hiru instalazioak otsailaren 26ra arte bisitatu ahal izango dira ohiko ordutegian.
  • Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian dagoen instalazioa: otsailaren 10ean eta 11n, 17:00etatik 22:00ak arte.
  • Santa Maria katedraleko kriptako instalazioa: otsailaren 10ean eta 11n, 17:00etatik 22:00ak arte.
  • Europa Jauregiko instalazioa: ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik 23:00etara.
  • Kalejira Gasteizko kaleetan zehar ibiliko da 19:00etatik 23:00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide