Gasteizko gazte gamerrentzako espazio berriak bere ateak ireki ditu

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 10:30
Joan den ostiraletik zabalik dago espazioa, San Martin auzoan. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Bideo-jokoen eta gaming kulturaren inguruko Gazte Gaming VG espazioa 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta asteburuetan egongo da zabalik. Proiektuak 100.000 euro inguruko aurrekontua izan du.

Joan den ostiralean errealitate bihurtu zen Gazte Gaming VG espazioa, Gasteiz Hobetuz Txiki programaren 2022/2023 edizioaren barruan herritarrek hautatutako proiektua. 12 eta 18 urte bitarteko gazteek online jolasteko, gaming-aren gaineko gauza praktikoak ikasteko eta kultura horren inguruan beste gazte eta nerabeak ezagutzeko aukera izango dute bertan. Finean, elkartzeko eta bideo-jokoen eta elektronikaren arloko jarduerak partekatzeko gune bat izango da.

Udal aurrekontuetatik 99.592,08 euro bideratu dituzte horretarako, eta 197 lagunek eta hiru ikastetxek hartu dute parte egitasmoan (Abendaño HLHI, Santa Maria HLHI eta Paula Montal BHI), Aktiba(tu) haurren partaidetzarako zortzi fororen bidez, 2020ko urritik 2021eko maiatzera bitartean.

San Martin Zentroan kokatuta dago, Jesus Apellaniz Margolariaren kaleko 2. zenbakian, auzoko bizilagunen elkartearen lokaletan, kirol instalazioen alboan. Eta hiru espaziotan banatuta dago: Kuadrilla Eremua, kontsolekin jolasteko; Gorri Zone, ordenagailuekin jolasteko; eta Atelier Gunea, tailerrak, lehiaketak eta talde dinamikak antolatzeko.

Gazte Gaming VG asteburuetan egongo da zabalik, eta adinaren araberako ordutegia izango du: 12 eta 15 urte bitarteko nerabeak ostiraletan 17:30etik 19:15era eta larunbatetan 16:30etik 18:45era joan ahal izango dira; 16 eta 18 urte bitarteko gazteak, berriz, ostiraletan 19:15etik 21:00era eta larunbatetan 18:45etik 21:00era. Gainera, hilero, igande goiz batean, jarduera bereziak, tailerrak eta lehiaketak programatuko dituzte.

Bi monitore-hezitzaile egongo dira espazioan, erabiltzaileei arreta eskaintzeko, eta erabiltzaileek hilabeteko bonua eskuratu beharko dute ordenagailuak eta kontsolak erabili ahal izateko, gehienezko denbora egonik. Halaber, espazio berrian genero ikuspegia eta aisialdi osasungarria landuko dira, baita online jokoaren inguruko mendekotasunaren prebentzioa ere. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide