Juncal Ballestin plaza, zor historikoa kitatzen hasteko

Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 14:23

Gasteizko kale-izendegian emakumeei aitortza egiteko egitasmoan lehendabizikoa izan da Artiumekoa. 

Orain arte gehienbat gizonen presentzia sinbolikorako erreserbatutako Gasteizko kale-izendegian leku gehiago izango dute emakumeek. "Juncal Ballestin" plazak, gaurtik aurrera, bere makulua du ikusgai Artium museoaren sarreran. Kaleak, plazak eta beste eremuak berreskuratzeko lehen fasean, bederatzi aukeratuen artetik hiriko lehen eremu publikoa da.

Montehermosoko markesa eta Fournierreko emakume kartagileak dira Gasteizen aitorpena merezi duten hurrengo emakumeak. "Kale-izendegian emakumeen ordezkagarritasun urria genero desberdintasunaren adierazlea da, emakumeek bizitza publikoan izan duten egitekoaren aitorpen faltaren ondorio. Hori dela eta, Gasteiz hobea eraikitzeari egiten dioten ekarpenaren balioa azpimarratu nahi dugu", azaldu du Gorka Urtaran alkateak. "Gure historiari adi begiratuz gero, agerian geratzen da mota guztietako emakumez josita dagoela, eta gure ingurunea hobetzen eta gure kultura handitzen lagundu zutela. Horregatik guztiagatik, kasu askotan, bidegabeko ondorioak ordaindu zituzten eta indarkeriaren biktima izan ziren".

Juncal Ballestin

Aitorpenik handieneatakoa jaso zuen Gasteizko artista da Juncal Ballestin. Otazuko estudioan artelan ugari sortu zituen, eta horiek arteen munduan errekonozimendu handia eman zioten, eta nazioarteko galeria askotan erakutsi zituen. Bere ondarearen zati handi bat Artiumen gordetzen da eta museo honekin lotura izan duten ikertzaile eta arte-profesionalek bere izena proposatu dute zentro artistiko honen aurrean dagoen plaza berriz izendatzeko.

Maria Pilar de Acedo eta Sarria Montehermosoko markesa, Fournierreko emakume kartagileak, Maria Sarmiento, Blanca de Silos, Maria Concepcion Lopez de Arroyabe, Basilia Tarrios, Teresa Sanchez de Bilbao eta Daria Imbert dira hiriko espazio, plaza eta kaleei izena emango dieten beste emakumeak, izen gehiago sartzeko zabalik jarraituko duen prozesuan. Corte Ingles aurrekoa, Musika Kontserbatorioko lorategiak, Hebillaseko azokaren aurreko lorategi-gunea, San Martingo udal-bulegoen eraikineko ekitaldi-aretoa, Karmengo plaza eta Aranbizkarra, Arana eta Lakuako parkeak dira genero-arrakala murrizteko proiektu honen lehen hiri-espazioak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide