Alde Zaharreko bizilagun baten etxegabetzea salatu dute

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 17:00
Bizilagunak etxeko atea tapiatuta topatu du gaur. / Argazkia: @AuzoanBizi

Auzoan Bizik salatu du etxegabetutako laguna etxebizitza sareko kide dela eta desalojoa "legez kanpo" eman dela, duela astebete ura eta argia moztu eta etxea uztearen truke dirua eskaini ostean.

Ostegun honetan, Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak auzoko bizilagun eta sareko kide baten etxegabetzea salatu du. Azaldu dutenez, duela astebete, etxebizitzaren jabeek ura eta argia moztu zioten, baita etxea uztearen truke dirua eskaini ere. Azken egunetako "mehatxuen" ostean, gaur, maizterrak bere etxeko atea tapiatuta topatu du, bere gauza guztiak barruan izan arren.

"Kidea tinko mantendu da, bere etxean geratzeko determinazio osoarekin. Ustezko jabearen jarduna espekulatzailea eta guztiz ilegala da, mehatxu eta beldurraren bitartez gure kidea etxetik botatzen saiatuz", salatu du Auzoan Bizik. "Horrela lortu ez dutenez, gure kidea kanpoan zegoela aprobetxatuz tapiatu diote etxea".

Azkenik, Auzoan Bizik elkarretaratzea deitu du ostiralerako, urtarrilaren 20rako, 19:00etan Aiztogile kalearen sarrerako faroloiaren parean, Zuen desalojoen aurrean gure auzodefentsa lelopean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide