Elurra uxatuz, San Antoneko zozketak opariz bete du Gasteiz

Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 19:30

Elurraren mehatxua ezerezean geratu da, eta arazorik gabe ospatu ahal izan da San Anton Abadearen zozketa. Herritarren artean hamar sari banatu dituzte, baita txokolatezko bi txerri hiriko ikastetxeen artean.

Urtero bezala, astearte honetan, urtarrilaren 17an, Plaza Berrian ospatu da San Anton Abadearen festa eta zozketa. Hori guztia agintarien segizioak eta txokolate-jan herrikoiak lagunduta. San Pedro parrokiarainoko ibilbidea Folklore Akademiako kideek eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek girotu dute. Jaiaren osagarri gisa, Udal Folklore Akademiaren, Udal Txistulari Bandaren eta gaiteroen musika, puzgarriak, gargantua, suzko bi zezen izan dira.

Guztira, 30.000 txartela jarri dituzte salgai aurten, 0,60 euroko prezioan, eta jasotako dirua San Prudentzio egoitzarentzat izango da. 18:00ak aldera, zozketa herrikoia ospatu da udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 64 urteko Isabel Asensio eta 76 urteko Jose Fuentes San Prudentzio egoitzako egoiliarrak izan dira zenbaki saridunak plazaratzeko arduradunak:

Sariak

Hamar sari banatuko dituzte guztira, eta haien balioa 4.500 euro baino gehiagokoa izango da orotara:

  1. Ezkur-txerri iberikoaren produktuen sorta: 26923
  2. Bi pertsonentzako bidaia Portugalera: 17448
  3. Bertako artista baten sorkuntza edo erreplika bat: 22988
  4. Montty Indie bizikleta bat: 27563
  5. Ordenagailu eramangarri bat: 02169
  6. Udal Antzokien Sarerako sarrera sorta bat: 23350
  7. Etxe-tresna elektriko txikien sorta bat (gosari set-a): 15485
  8. Liburuak erosteko bonua: 27809
  9. Kirol ekipamendurako bonua: 24899
  10. Urtebeteko etxebizitza asegurua Laboral Kutxarekin: 20203

Horrez gain, 18:30ean plazan bertan egin dute San Anton Txikiaren zozketa, eta txokolatezko txerriak zozkatuko dituzte Haur (323 gela eta 6.409 ikasle) eta Lehen Hezkuntzako (708 gela eta 15.882 ikasle) hiriko ikastetxeen artean; 50 eta 60 kilo arteko pisua dute eta Nalda Gasteizko gozotegiak eginak dira: Miguel de Cervantes eta Sagrado Corazón Carmelitas ikastetxeak izan dira sarituak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide