Martxan dira BEIren kotxetegi elektriko berriak

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 08:40
Erakundeetako ordezkarien bisita instalazioetara. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Tuvisaren Elektromugikortasuneko Zentroa errendimendu betean dago jada, Zadorra hiribideko haztegi zaharrean. Autobus Elektriko Adimendunaren (BEI) operazio-nukleo berriak 16.000 metro koadro inguru ditu egun, baina 52.000 izango ditu etorkizunean.

Ostegun honetan, instalazioak bertatik bertara ezagutu eta errendimendu betean daudela egiaztatu ahal izan dute Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.

Gaur egun, bidaiari gehien dituen garraio publikoaren lineari —3,1 milioi baino gehiago 2022an— zerbitzua emateko, azken belaunaldiko 13 autobus %100 elektrikoak errendimendu betean daude dagoeneko. Horretarako, mugikortasun elektrikoaren arloan erreferente diren instalazioak martxan jarri zituen Gasteizek duela hilabete.

Hilabete hori igarota, Tuvisaren Elektromugikortasunerako Zentroak 16.000 metro koadro inguruko azalera du une honetan, aurreikusita dauden 52.000 metro koadroetatik: bertan, karga eremua, aparkalekua, mantentze lanetarako erabilera anitzeko espazio bat, garbitzeko tunel bat eta langileak egoteko hainbat eremu ditu azpiegiturak.

Hori guztia posible egiteko, erakundeek 4,3 milioi euroko inbertsioa egin dute: Eusko Jaurlaritzak %65 jarri du, Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak %17,5, eta gainerakoa Europako Batasunaren FEDER (REACT-UE) funtsen bidezko finantzaketari esker lortu da.

 

Obraren bigarren fasea, martxan

Momentu honetan, abuztutik, obraren bigarren fasea abian da; kasu honetan Europako Next Generation EU funtsen laguntza izango du obrak, eta 6 milioi euroko inbertsioa izango du. Lanak hasi zirenetik bost hilabete igaro diren honetan, dagoeneko mugitu dituzte lurrak azpiegitura guztia bermatzeko oinarria egiteko eta saneamenduaren kanalizazioak eginda daude.

Orain, bide-zoruaren zati bat zabaltzen, zimendatzeak egiten eta garajeen nabeko bigarren moduluko (aparkalekua eta pantografo bidezko 20 hornidura-puntu elektriko izango ditu) habeak egiten ari dira, baita espazio horretan joango den eraikin elektrikoa (tentsio ertain eta baxuko instalazioentzako) zimendatzen ere. Aldi berean, Zadorra hiribideko hegoaldeko galtzadatik sartzeko bigarren sarrera eta garajeen nabeko bigarren moduluaren estalkia eusteko metalezko egitura muntatzen ari dira.

Obren hurrengo faseetan, berriz, aurreikusitako proiektu osoa gauzatuko dute, besteak beste tailerretako azpiegitura osoa amaituz eta Tuvisaren eraikin administratibo berria eraikiz.

 

"Jauzi kualitatiboa"

"Beste behin ere, garraio publikoaren arloko hiri-mugikortasunaren etorkizuna markatzen ari gara", ospatu du Gorka Urtaran alkateak, zentroa abian jartzeak Gasteizentzat dakarren "jauzi kualitatiboa" baloratuz. "Garraio modernoa, erosoa, isurpenik gabea eta herritarren beharrei erantzuteko gero eta prestatuagoa. Instalazio hauek erakundeok hiriari puntako mugikortasun sistema eskaintzeko egin dugun apustu bateratuaren eta gasteiztar guztiek modu jasangarriagoan eta osasuntsuagoan lekualdatzeko egin duten apustuaren emaitza dira", gaineratu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide