Principal Antzokian izango dira Diana Navarro, Ismael Serrano, Javier Gutierrez eta Fito & Fitipaldis

Erredakzioa 2023ko urt. 12a, 19:00
Diana Navarro, Ismael Serrano, Javier Gutierrez eta Fito. / ALEA

Urtarriletik apirilera, gizarte etxeek hamaika ikuskizun eskainiko dituzte, eta Principal Antzokiak 30. Tartean, Hondamendia eta Ez naiz inoiz Duplinen egon euskarazko antzezlanak eta Gari & Maldanbera taldearen kontzertua.

Neguko denboraldiari ekingo dio laster Gasteizko Antzokien Udal Sareak, eta gaur goizean aurkeztu dute 41 ikuskizunez osatutako programazioa.

Ohi bezala, antzerkia izango da hiriko antzokien ardatza, eta Principal Antzokiak helduentzako sei antzezlan eskainiko ditu: otsailaren 4an, Kulunka konpainiaren Forever; otsailaren 10ean, Los Santos Inocentes, Javier Gutierrezekin; otsailaren 24an, Muerte de un viajante, Imanol Ariasekin; martxoaren 10ean, Centro Dramatico Nazionalaren eta Traspasos Kulturaren Lectura fácil; martxoaren 18an, En tierra extraña, Diana Navarrorekin; eta martxoaren 24an, Todas las canciones de amor, Eduard Fernandezekin.

Sei lan horien artean, Los Santos Inocentes nabarmendu nahi izan du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak: "Funtzio oso berezia izango da, ikusteko gaitasun baxua duten pertsonentzat eta gorrentzat irisgarria izango da lehen aldiz. Denbora daramagu ekimen horretan lanean, eta espero dugu urtean zehar gehiagotan errepikatu ahal izatea, gaitasun eta kolektibo guztiek kulturarako irismena izan dezaten".

Bestalde, euskarazko bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute gasteiztarrek: Artedrama konpainiaren Hondamendia, otsailaren 8an; eta Tentazioa konpainiaren Ez naiz inoiz Duplinen egon, martxoaren 22an.

Jim Aktual zikloari dagokionez, Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko Antzokiak bi lan garaikide eta harrigarri eskainiko ditu: Onírica Mecánica konpainiak Ronem Ram lana taularatuko du otsailaren 23an; martxoaren 23an, berriz, A pesar de todo obra aurkeztuko dute Legaleon-Teatro eta Colectivo Monstrenko konpainiek.

Felix Petite Antzokiak hiru hitzordu eskainiko ditu Ikuskizuna Ibaiondon zikloaren barruan: otsailaren 17an, Dystopia, Poyo Rojo konpainiaren eskutik; martxoaren 17an, La celda sin noche, Principal Antzokiak, Arriaga Antzokiak eta Donostia Kulturak elkarlanean ekoitzia; eta apirilaren 1ean, Para acabar con Hedí Bellegueule, La Joven konpainiaren lana.

Dantza

Oraingoan ere, Antzokien Sareak dantzaren aldeko apustua egin du, bi pieza oso ezberdinekin: otsailaren 18an, Mellizo doble, Israel Galvan eta Niño de Elcherekin; eta apirilaren 1ean, Antonio Ruzen konpainiaren La Noche de San Juan.

Kontzertuak

Udal kultur eskaintzaren protagonista handienetako bat izango da musika, eta askotariko hogei hitzordu izango dira. Horien artean, hiru nabarmentzen dira Principal Antzokian:

  • Otsailak 25, larunbata: Ismael Serrano, Seremos bere azken lana aurkezten.
  • Martxoak 4, larunbata: Fito & Fitipaldis, Cada vez más cadáver diskoaren aurkezpen biraren barruan.
  • Martxoak 30, osteguna: Gari & Maldanbera, Zuzenean 2022 lanarekin.

Gainera, Kontzertu Handien Zikloak beste lau emanaldi eskainiko ditu Principalen, eta sarrerak dagoeneko salgai daude:

  • Martxoak 9, osteguna: Joaquin Achucarro.
  • Apirilak 22, larunbata: Bilbao Sinfonietta.
  • Maiatzak 19, ostirala: Cuarteto Casals.
  • Ekainak 15, osteguna: Ensemble La Tempestad & Nuria Espert.

XXI. mendeko Flamenko Zikloari dagokienez, aurten bost emanaldi izango dira. Emanaldiak larunbatetan 19:30ean Jesus Ibañez de Matauko Antzokian izango dira, eta sarrerak ere salgai daude jada:

  • Urtarrilak 28, larunbata: Rocio Marquez.
  • Otsailak 11, larunbata: Antonio Reyes.
  • Otsailak 25, larunbata: La Macanita.
  • Martxoak 11, larunbata: Manuel Moreno Maya El Pele.
  • Martxoak 25, larunbata: Angeles Toledano.

Azkenik, abonamenduaren beste hiru kontzertu gehitu behar zaizkio programazio musikalari:

  • Udal Musika Banda: urtarrilaren 25ean, martxoaren 1ean eta martxoaren 15ean.
  • Euskadiko Orkestra: otsailaren 9an, otsailaren 22an eta martxoaren 16an.

Haurrak eta familiak

Publiko familiarrari dagokionez, zortzi ikuskizun eskainiko dituzte denboraldi honetan: lau antzezlan eta lau dantza emanaldi.

Alde batetik, Familiako antzerkia abonamenduari dagokionez: Larrumbe dantzaren Aire lanarekin hasiko da otsailaren 19an; gero, Y tu qué pintas konpainairen Jojo emanaldia izango da martxoaren 5ean; La Baldufaren La fábula de la ardilla martxoaren 12an izango da; eta, azkenik, Lucas Escobedo konpainiaren Paüra martxoaren 26an.

Musika familian abonamenduak ere lau hitzordu izango ditu: Udal Musika Bandak Eolo & Company eta El sonido de la magia kontzertu didaktikoak aurkeztuko ditu otsailaren 12an eta apirilaren 2an, hurrenez hurren, Principal Antzokian; Euskadiko Orkestrak Elkarrekin Sortu kontzertu parte-hartzailea eskainiko du maiatzaren 7an leku berean; eta, amaitzeko, otsailaren 26an Ondinaren Magia gozatu ahal izango da Federico Garcia Lorca Antzokian.

Sarrerak eta abonamenduak

Antzerki, euskara, dantza, musika, Antzerkia familian, Jim Aktual zikloa eta Ikuskizuna Ibaiondon abonamenduen salmenta urtarrilaren 19tik 21era izango da, leihatiletan, telefonoz edo internetez, ordutegi hauetan:

  • Urtarrilaren 19an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era.
  • Urtarrilaren 20an, 17:30etik 19:30era.
  • Urtarrilaren 21ean, 11.30etik 13:30era.
  • Urtarrilaren 22an, online bakarrik.

Abonamendu irekien salmenta, berriz, urtarrilaren 24 eta 25ean egingo da, soilik leihatiletan eta telefonoz. Horretarako, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da, Principal Antzokiaren webgunean edo 945 16 10 45 telefono zenbakian. Urtarrilaren 17an eskatu ahal izango da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta hilaren 18an leihatilaren ohiko ordutegian, amaitu arte.

Azkenik, sarrera solteen salmenta urtarrilaren 26ko 10:00etatik aurrera egingo da, ohiko salmenta-puntu guztietan. Leihatilaren eta telefonoaren ordutegi berezia izango da 10:00etatik 13:00etara.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide