Gasteizko Udalak 331 enplegu sortu nahi ditu 2023an

Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 19:00
Idoia Mendia sailburua eta Maider Etxebarria alkateordea. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gazteak, langabetuak eta diru laguntzak jasotzen dituzten pertsonak izango dira Enplegu Planaren ardatzak. Gasteizko enpresek kontratu bakoitzeko 11.000 eurora arteko laguntza zuzenak eta atzeraeraginezkoak eskatzeko aukera dute jada.

Gasteizko Udalaren 2022/2023 Enplegu Plana aurkeztu dute asteazken honetan Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak eta Maider Etxebarria alkateorde eta Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritza zinegotziak. Planaren helburu nagusia, zifretan, 331 enplegu sortzea izango da.

"Susperraldi ekonomikoaren alde egin eta kalitatezko enplegua, inklusiboa eta parekidea sortzeko" asmoarekin, 4,6 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak. Horietatik, 3,7 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu, Lanbideren bitartez; gainerako 904.685 euroak Udalaren eskutik iritsiko dira.

Horretarako, hiru lan ildo nagusi izango ditu Udalak: Eskualdeko Enplegu Plana, arrunta eta iazko irizpideen ildotik; gazteei zuzendutako programa berri bat, administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala ahalbidetzeko asmoz; eta, hirugarrenik, aldi luzeko langabetuei eta gizarte-laguntzak jasotzen dituztenei zuzendutakoa. Azken biak Next Generation EU funtsen bidez Europako Batasunak finantzatuta.

Eskualdeko Enplegu Plana

Lehen lan ildoak bi jarduketa hartuko ditu bere gain. Alde batetik, udal kontratazioa: sei hilabeteko 83 enplegu zuzen, lanaldiaren %75ean, zerbitzu publikoetan proiektuak garatzeko (instalazioak hobetzea, fatxadak birgaitzea, berdeguneak hobetzea, argiteria publikoaren mantentze lanak egitea...).

Bestalde, kontratazioa bultzatzeko laguntzak tokiko enpresa pribatuentzako: 1,52 milioi euro, hiriko enpresa ehunduraren susperraldia sustatzeko eta enplegurako sarbidea sustatzeko. Arlo honetako kontratuak mugagabeak izan beharko dira, gutxienez lanaldiaren %50arekin, kalitatezko enplegu egonkorra sustatzeko. 8.000 eta 11.000 euro bitarteko diru laguntzak izango dira (hainbat aldagai kontuan hartuz), eta gehienezko aldia 12 hilabetekoa; emakumeen kontratazioaren kasuan, laguntzak %10 igoko dira.

Diru laguntzak atzeraeraginezkoak izango dira: 2022ko maiatzaren 21etik 2023ko maiatzaren 31ra bitartean egindako kontratuak onartuko dira. Eskaerak gizarte etxeetan, San Martingo udal bulegoetan eta online (Udalaren egoitza elektronikoan) aurkez daitezke maiatzaren 31ra arte.

Gazteak

Enplegu Planaren bigarren ardatzak, Lehen esperientzia profesionala administrazio publikoetan izenekoak, titulazioarekin bat datorren lan aukerak sortzeko helburua izango du, lan merkatura sartzeko aukerak erraztuz kualifikatutako kolektiboaren kasuan. Programak 16 eta 30 urte bitarteko 25 langaberi eskainiko die lanaldi osoan jarduteko aukera Udaleko hainbat sailetan: enplegu berdeak, digitalak... eta, aldi berean, prestakuntza plan indibiduala eskainiko die kontratuak irauten duen bitartean.

Gizarteratzea eta lan mundua

Planaren hirugarren ildoari dagokionez, Gizarteratzeko eta Lan Munduan sartzeko Laguntza Integrala eskaintzeko Ibilbide Pilotuen Tokiko Proiektuak programa eskainiko du Udalak. Alde batetik, aldi luzeko langabetuei zuzendutako ekimenak izango ditu; bestetik, BGDS edota DSBE laguntzak jasotzen dituztenei. Bi kasuetan, jarduketa integrala planteatzen da, prestakuntza, enplegua eta orientazioa eskainiz, lan merkaturako sarbidea errazteko asmoz.

Hamaika pertsona udal lokalak hobetzeko eta birgaitzeko kontratatuko dituzte, 2023ko irailera arte: horietako bat koordinatzaile gisa arituko da, beste hamar langileekin batera. Beste 21 enplegu Zaramaga birgaitzeko proiektuari lotutako kontratuak izango dira (igeltseroak eta margolariak): bi ofizial, koordinatzaile bat eta 18 langile; auzoko langabeek izango dute lehentasuna, eta bi hilabeteko prestakuntza eta 10 hilabeteko enplegua izango dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide