Gasteizko Gaztetxeak ekitaldiz beterik ekingo dio urte berriari

Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 12:00
All In Da House freestyle txapelketaren 2022ko edizioa. / Argazkia: HALA BEDI

Araba Bizirik plataforma, Ai Laket, Etxebizitza Sindikatua, Zuretzako Mezua eta Ariznabarrako Jai Batzordearen jaialdiak izango dira urtarrilean zehar Gasteizko Gaztetxean. Gainera, All In Da House freestyle txapelketa bueltan izango da hilaren 21ean.

Iritsi da 2023, eta Gasteizko Gaztetxeak bere 35. urteurrena ospatuko du apirilean. Urte berriarekin batera, motorrak berotzen hasi dira jada, eta zazpi jaialdi izango dira urtarrilean zehar, herri mugimenduko hainbat kolektiboren eskutik, betiere gaztetxeko asanbladarekin elkarlanean.

Lehenengo hitzordua larunbat honetan izango da, urtarrilaren 14an. Araba Bizirik! plataformak jai solidarioa antolatu du, hainbat kidek Mozal Legearen ondorioz jasotako isunei aurre egiteko. Boletoak saldu eta zozketa solidario bat egiteaz gain, 20:00etatik aurrera Ertzetik, Begitruk eta Kutxaratxas taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da.

Hilaren 18an, asteazkenean, Alucine zikloaren edizio berri bat eskainiko du Ai Laket elkarteak. Zinema eta drogak ardatz hartuta, pelikula bat proiektatuko dute, eta, ondoren, tertulia bat egin. Hurrengo egunean, hilaren 19an, ostegunean, Etxebizitza Sindikatuaren eta Kontseilu Sozialistaren erresistentzia kutxarako jaialdia egingo dute: ateak 19:00etatik aurrera egongo dira zabalik, eta 20:00etan hasiko dira Coast Rebels eta Anker taldeen kontzertuak; emanaldien ostean, DJ Mr. World Wild arituko da gaztetxea girotzen.

Urtarrileko egun handia hilaren 21ean iritsiko da, urteroko ezinbesteko hitzordu batekin: euskal presoen askatasunaren aldeko All In Da House freestyle txapelketa. 18:30ean irekiko dituzte ateak, eta 19:00etatik aurrera Yoller, Pastor, Viñaspre, Kazz, Ødei eta Paula arituko dira mikroan. 21:30ean, atseden bat hartuz, DJ Allexhited arituko da musika jartzen, 22:30ean txapelketaren finalari ekin aurretik. Azkenik, Triki & Traun DJaren Azken Dantzak itxiko du jaialdia, 00:00etatik aurrera.

Azken aldian ezinbesteko bilakatu den beste hitzordu batekin jarraituko du urtarrileko egitarauak: hilaren 25ean, asteazkenean, 18:30etik aurrera, Zuretzako Mezua kolektiboak antolatutako plater irekien txanda izango da. 18:30etik gauera arte, musika estilo guztietako biniloak dantzan jarriko dituzte, 20 minutuko txandatan. Halaber, hilaren 26an, ostegunean, Gaztetxea zabalik egongo da, egitaraurik gabe bada ere, nahi duen oro bertaratu eta gozatzeko.

Azkenik, urtarrilaren 28an, larunbatean, hileko azken jaialdia antolatuko du Ariznabarrako Jai Batzordeak, egun osoko egitarauarekin: 12:00etatik aurrera, marianitada, magoa, herri bazkaria, bingo musikatua, Nereperen kontzertua, sound systema eta DJak izango dira Ariznabarra Berpiztu jaialdian.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide