Banda Lehiaketaren edizio berria martxan jarri dute Gasteizko Txosnek

Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 13:30
Gasteizko Txosnetako ordezkarien agerraldia, Jimmy Jazz aretoan. / Argazkia: @Entxosnatu

Martxoaren 2ra arte zabalik izango da Gasteizko Txosnen Banda Lehiaketan izena emateko epea. Lau talde arituko dira martxoaren 30eko finalean, eta talde batek jaietan txosnagunean jotzeko aukera eta 500 euroko saria irabaziko ditu.

Iaz, Gasteizko jairik gabeko bi urteren ostean, EHUren Campusera itzuli ziren. Urte berriarekin batera, egitasmo berriak datoz. Eta Gasteizko Txosnak martxan daude berriz ere. Astearte honetan, aurtengo beren lehen agerraldia egin dute Jimmy Jazz aretoan, urteroko Banda Lehiaketaren berri emateko.

"Abuztuaren 4tik 9ra txosnagunea jendez beteta egon zen, eta ez soilik kontzertuetan zehar. Urte berrian sartu gara, eta Gasteizko herri mugimenduak berriro ere gune alternatibo, sortzaile eta politiko bat eskaintzeko asmoz gatoz", aldarrikatu dute. "Bide horretan, gure programazioan ezinbestekoa bilakatu den ekitaldiaren edizio berria aurkeztu nahi dizuegu".

Banda Lehiaketaren helburu nagusia "ezagunak ez diren taldeei oholtzaren gainean aukera bat ematea" da. Horregatik, edozein taldek har dezake parte txapelketan, gaurtik hasita martxoaren 2ko 15:00ak arte.

Izena emateko galdetegi bat bete beharko dute taldeek, Gasteizko Txosnen webgunean. Taldekideen datuak txertatzeaz gain, gutxienez hiru abesti eta gehienez bost igo beharko dituzte, eta horietako bat gutxienez euskaraz izan beharko da. Horrez gain, argazkiak, bideoak edota taldeen sare sozialak elkarbanatzeko aukera izango dute ere.

Ondoren, izen-emate epea itxita, zortzi talde sailkatuko dira martxoaren 9tik 19ra bitartean irekiko den bozketa fasera. Azkenik, horietako lau finalera igaroko dira: publikoak horietako bat aukeratuko du, eta beste hirurak Gasteizko Txosnetako epaimahaiak erabakiko ditu; finalisten artean, gutxienez bat Arabakoa izan beharko da, eta gutxienez batek emakumeen presentzia izan beharko du.

Finala kontzertu formatuan ospatuko da martxoaren 30ean, Jimmy Jazz aretoan. Lau talde finalisten artean bakarra irtengo da garaile, eta jaietako egun batean Gasteizko Txosnetako agertokian jotzeko aukera lortzeaz gain, 500 euroko saria jasoko du.

Beraz, Banda Lehiaketa 2023ko lehen hiruhilekoan zehar luzatuko da, Gasteizko Txosnen lehen ekimen gisa. Aurrerago, ekimen, ekitaldi zein jarduera gehiagoren berri emango du txosna batzordeak. "Bitartean, kaleetan edo txosnetako sare sozialetan ikusiko dugu elkar", iragarri dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide