Non eskuratu San Antoneko zozketarako txartelak?

Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 18:30

Urtarrilaren 17an zozkatuko dituzte txokolatezko txerriak. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Loma Jeneralaren plazako standa irekita, bultzada berria eman diote aurtengo San Anton Abadearen zozketari. Urtarrilaren 17an, askotariko sariak eta txokolatezko txerriak zozkatuko dituzte.

Urtero bezala, urtarrilaren 17an Plaza Berrian ospatuko da San Anton Abadearen festa eta zozketa. Txartelak abendutik daude salgai, baina astelehen honetan stand nagusia jarri dute Loma Jeneralaren plazan, salmentari azken bultzada emateko. Txartelak zozketaren egunera arte erosi ahal izango dira bertan, egunero 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara; hala ere, urtarrilaren 17an 17:30ean itxiko dute stand-a, 18:00etan udaletxean zozketa hasi baino apur bat lehenago.

Stand nagusian ez ezik, txartelak San Prudentzio egoitzan, Gasteizko gizarte etxe guztietan, Abastos azokan, La Union tabernan, La Peña Dulcen, Ciclos Sport-en, Hebillas azokan eta Laboral Kutxaren sukurtsaletan ere eros daitezke. Guztira, 30.000 txartela jarri dituzte salgai, 0,60 euroko prezioan, eta jasotako dirua San Prudentzio egoitzarentzat izango da.

Sariak

Hamar sari banatuko dituzte guztira, eta haien balioa 4.500 euro baino gehiagokoa izango da orotara:

  1. Ezkur-txerri iberikoaren produktuen sorta.
  2. Bi pertsonentzako bidaia Portugalera.
  3. Bertako artista baten sorkuntza edo erreplika bat.
  4. Montty Indie bizikleta bat.
  5. Ordenagailu eramangarri bat.
  6. Udal Antzokien Sarerako sarrera sorta bat.
  7. Etxe-tresna elektriko txikien sorta bat (gosari set-a).
  8. Liburuak erosteko bonua.
  9. Kirol ekipamendurako bonua.
  10. Urtebeteko etxebizitza asegurua Laboral Kutxarekin.

Horrez gain, txokolatezko txerriak zozkatuko dituzte Haur (323 gela eta 6.409 ikasle) eta Lehen Hezkuntzako (708 gela eta 15.882 ikasle) hiriko ikastetxeen artean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide