Olatz Salvador lagunez inguratuta arituko da Gasteizen

Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 12:30
Olatz Salvadorrek 'Aho uhal' diskoa kaleratu zuen 2021ean. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Idoia Asurmendi, Miren Narbaiza, Jon Basaguren, Haizeatxo eta Karmele Jaioren laguntza berezia izango du urtarrilaren 27an Vital Fundazioa Kulturunean eskainiko duen emanaldian.

Olatz Salvador kantautorearen kontzertua antolatu du Vital Fundazioak urtarrilaren 27rako, hau da, hil honetako azken ostiralerako. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta donostiarra lagunez inguratuta iritsiko da Gasteizera: Idoia Asurmendi eta Miren Narbaiza MICE abeslariekin, Izaki Gardenak taldeko buru Jon Basagurenekin, Haizeatxo raplariarekin eta Karmele Jaio idazlearekin konpartituko du oholtza.

Emanaldia Dendaraba merkataritza zentroko Vital Fundazioa Kulturunean izango da, eta sarreren prezioa 10 eurokoa izango da; www.fundacionvital.eus webgunean eros daitezke.

 

Salvador 1990ean jaio zen musikari familia batean, eta gazte-gaztetatik hasi zen musikarekiko lotura garatzen. Izan ere, pianoa eta solfeoa ikasi zituen txikitan, eta gitarra jotzen modu autodidaktan ikasi zuen nerabe zela. Harmonia, ahots-teknika eta baxu elektrikoa ikasten jarraitu zuen gero. 20 urte zituela, 2010ean, Skakeitan ska-rock taldearekin bat egin zuen, hammond-a eta sintetizadoreak jotzen.

Handik lau urtera, bakarkako ibilbideari ekin zion. Hainbat abesti argitaragabeekin eta gitarra baten laguntzarekin, bakarkako estudioko lehenengo lana argitaratu zuen 2018an: Zintzilik (Airaka). Orduz geroztik, euskal agertoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu izan da: BBK Live jaialdian, Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan, Basque Fest jaialdian edo Plateruena Antzokian Durangoko Azokan. Horrez gain, Xoel Lopez eta Christina Rosevinge artistekin aritu da ere, eta Nøgen taldearekin batera estatu mailako bira bat egin zuen.

2021eko urtarrilean kaleratu zuen bere bigarren lana, Aho uhal (Airaka), Pablo Novoa musikariak ekoitzia eta Haritz Harreguyk grabatua eta nahastua. Bertan, Olatz Salvadorrek hamabi abestiko proposamen landua eskaini zuen; Alaia Martin edo Ane Labaka artisten ekarpenekin letretan, eta Rozalen edo Ivan Ferreiroren laguntzarekin ahotsetan, besteak beste.

"Bere musika ez da laua, labirinto bat da. Entzun ahala, suge bat bezala gure azalean aurrera doala sentitzen dugu, eta gure zaurien eta gure puntu ahulenen gainean bihurritzen dela; baina, aldi berean, haren ahotsaren leuntasun biziak baltsamo bihurtzen du", idatzi du Karmele Jaiok Salvadorri buruz. Gainera, idazle gasteiztarrak bere ahotsa ekarriko du emanaldira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide