Salburuko tranbiaren probak hastear dira

Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 11:00
Erakundeetako ordezkarien bisita Florida kaleko obretara. / Argazkia: AFA

Florida kaletik Salbururaino iritsiko den tranbiaren lehen probak astearte honetan hasiko dira, aurtengo udaberrirako martxan izan dadin.

Tranbia Salburua auzoraino luzatzeko lanak amaitutzat eman ditu Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak, eta laster errealitate bat izango da. Datozen hilabeteetan, hainbat proba egingo dituzte 2,5 kilometroko ibilbidea eta bost geraleku berriak —Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua— behar bezala martxan jarri ahal izateko.

Astearte honetan, urtarrilaren 10ean, galiboen probari ekingo diote tranbia unitateek, bide eta instalazio berrietan behar bezala zirkulatzen direla egiaztatzeko, oso abiadura motelean. Ondoren, beste zenbait proba egingo dituzte: bide-seinaleztatzearen probak, erabiltzaileei informazioa emateko sistemen probak, zerbitzuko langileen prestakuntza...

Azkenik, Aste Santuan martxan jarri aurretik —aurreikuspenen arabera—, zerbitzuaren simulazioa egingo dute. Proben fase osoa bidaiaririk gabe egingo da eta gutxienez bi hilabetez luzatuko da, ibilbide denborak egiaztatzeko, sistema guztiek behar bezala funtzionatzen dutela baieztatzeko, eta arazoak antzemateko eta zuzentzeko.

Gasteizko sareko gainerako adarrekin Florida kalean lotuko da zati berria, 24,8 milioi euroko inbertsioa (obra zibilak 15,5 milioi euro) egin ostean; horren %65 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta beste %35 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak. Oraindik ere zenbait doikuntza egin behar dituzte, besteak beste azpiegitura berriaren inguruko eremuak urbanizatzeko, baita berdegune berrietako lorezaintza lanak eta landaketak egin ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide