Energiaren garestitzea salatzeko manifestazioa eta itzalaldia deitu dute Judimendin

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 17:03
Tornay Medikuaren plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:30ean. / Batuta sarea

Batuta sareak salatu du auzokideen heren batek energia ordaintzeko arazoak izango dituela negu honetan

Judimendiko Batuta elkartasun saretik bizitzaren garestitzea, eta, bereziki, energiaren garestitzea salatzeko manifestazioa deitu dute datorren urtarrilaren 12rakoHotzez baina sutan. Quemadxs pero sin cale lelopean, energiaren arazoari erantzun komunitario bat emateko, ikasturteko lehenengo hiru hilabete honetan egin dituzten ekintza ugariei auzo mailako mobilizazio honekin itxiera eman nahi diote.

Ekintzen artean, auzoko energiaren inguruko egoera ezagutzeko, Batutatik inkesta bat igorri zieten auzokideei. Judimenditarren heren batek arazoak izango ditu energia ordaintzeko negu honetan; gainera, %90ak baino gehiagok beren kontsumo ohiturak aldatu beharko ditu energiaren prezioaren igoera dela eta. Egoera honek auzokideen arteko gatazkak sortu ditu, hala nola, auzokideen komunitateen kuoten igoera, galdara komunitarioa pizteko ordutegiari buruzko desadostasunak, energia-enpresarekin kontratua berritzeko edo aldatzeko arazoak etab. "Orokorrean, erantzun kolektiboa ahultzeko, problematika honen indibidualizazio prozesu baten aurrean gaudela ikusi dugu", azaldu dute Batutako kideek. 

Txanponaren beste aldean, energia-enpresa handiak daudela gogoratu dute. "Izan ere, auzokideen egoera larria den bitartean, Iberdrola, Endesa, Naturgy, Repsol eta Cepsa bezalako enpresek pasa den urtean baino mozkin handiagoak pilatu dituzte 2022. urteko lehenengo hiru hilabeteetan". Hori dela eta, arrazoiak gerran, pandemian, energia eta beste lehengaien prezioaren igoeran edo nazioarteko ekoizpen eta banakuntza sareetan sortzen diren botila lepoetan daudela esaten dutenen aurrean, erantzun irmoa eman dute Batutatik: "Guk, jakin badakigu, egoera hau ez dela koiunturala, egiturazkoa dela eta sistema kapitalistaren ondorio zuzena dela. Beraz, gertakizun hauek sistema kapitalistak klase herrikoien baldintza materialak bermatzeko duen egiturazko ahultasuna agerian utzi baino ez dute egin".

Manifestazioa eta itzalaldia

Hala, urtarrilaren 12an 19:30ean Tornay Medikuaren plazatik auzo mailako itzalaldi-manifestazio bat egingo dute auzoko beste eragileekin batera. "Manifestazioa deitzeko beharra ikusi dugu salaketa eta ekintza kolektibo moduan, arazoa indibiduala ez dela adierazteko eta problematika honen aurrean auzoa batuta agertzen dela ikustarazteko. Hau da, bakoitzak bere etxean edo bere hurbilekoekin bizitzen ari garen larrialdi hau, era komunitarioan eta kolektiboan bizitzera pasatzea. Finean, bakarrik ez gaudela ikusaraztea eta indibidualismoaren gorakadaren garaiaren aurrean, komunitatea eraikitzea! Horixe da gure lan-filosofia".

Gainera, itzalaldia izango da manifestazioa pasatzen den kaleetako etxebizitza, taberna eta komertzioei argia itzaltzeko eskatu zaielako. "Energiaren prezioaren igoera dela eta gure etxeetan energia ordaintzeko ezintasuna irudikatzeko egingo da apagoia. Auzokideok energia bezalako oinarrizko ondasun bat ordaintzeko zailtasunak ditugun bitartean, enpresa energetiko handiak irabazi ikaragarriak pilatu dituztela salatzeko, alegia”.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide