Gasteizen dira Errege Magoak

Erredakzioa 2023ko urt. 5a, 11:36
11:00etan heldu dira Gasteizko tren geltokira. / ALEA

Sei antzerki talde izango dira aurten Errege magoen kabalgatan.

Errege Magoei tren geltokian egiten zaien ongietorria berreskuratu dute aurten Gasteizen, pandemia zela eta bi urtez egin gabe egon ostean. Geltokira 11:00etan iritsi dira eta Araba Classic Club elkartearen ibilgailu klasikoetan egingo dute ostean ibilaldia.

Errege Magoen mezulariek, opariz betetako traktore batek, musika-banda batek eta Cal y Canto konpainiaren Haizearen lorategia ikuskizunak Dato kaletik Plaza Berrira arteko ibilbidea egingo dute. Han, errege magoek udaletxeko balkoi nagusitik agurra eskainiko diete hiriko neska-mutilei 11:20 inguruan. Jarraian, errege magoek haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian (Frai Zacariaseko sarreratik) 12:15etik 18:00ak bitartean.

Arratsaldean kabalgata

Ordubete geroago, 19:00etan, hasiko da erregeen kabalgata eta 300 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte bertan. Hiriko erdiguneko kaleetan zehar egiten den ibilbide tradizionala berreskuratuko dute. Bilboko plazatik abiatuko da, eta Frantzia, Bakea, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla eta Laskarai kaleak zeharkatuko ditu. Azkenik, Gasteiz hiribidea eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren arteko bidegurutzean bukatuko da.

Kabalgatak zazpi karroza izango ditu: lehen hirurak fantasiazkoak, errege magoen hirurak eta azkenekotik jaurtiko dituzte gozokiak. Aurten, sei antzerki-talde izango dira errege magoekin batera. Cadizetik iritsitako Carromato taldeak Universe ikuskizuna eskainiko du; Burgoseko Cal y Canto taldeak Haizearen lorategia proposamena; Frantziako Les Enjoliveurs konpainiak Les Poppin´s ikuskizuna; Salamancako Planetariumek izen bereko lana; Bartzelonako Tutaris konpainiak Caballos de Menorca eta Gasteizko Batuketa batukadako musika-elkartea ere bertan izango da. Bertan izango dira, gainera, Afroamerikako elkartea, Kalez Kale proiektua, Abetxukoko Inauterietako Konpartsa elkartea, Carpe Diem eta Serezade. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide