Bueltan da Bode

Erredakzioa 2022ko abe. 30a, 06:00

Tabernarekin batera, jatetxea ere izango da aurrerantzean. / ALEA

Urtarrila amaieran irekiko dute Alde Zaharreko taberna ezaguna.

Duela urtebete, abenduaren 15ean, itxi zituen ateak Gorbeia Bodegoiak, Gasteizko taberna esanguratsuenetako batek, 1985. urtetik belaunaldi askoren erreferente izandakoak. Etenaren ostean, baina, indarberrituta etorriko da laster; 2023 urte hasierarako, urtarrila amaieran, prest izatea aurrekusi dute Asier Moreira eta Koldo Galan jabe berriek.

Sukaldaritzan esperientzia zabala dute biek, eta taberna eta jatetxea uztartuko dituzte egitasmo berrian. "Azoka menua" izeneko proposamena egin nahi dute jatetxean. "Eguneko menuaz harago, merkatuan dagoenarekin prestatu nahi ditugu eguerdiko platerak, eta karta zein degustazio menuak eskainiko ditugu gauez eta asteburuetan", azaldu du Moreirak, besteak beste, Gasteizko Ballarin edo Sukalki jatetxeetan, Bartzelonako Ferran eta Albert Adriaren Tickets jatetxean eta Milango Cracco jatetxean aritutakoak. Pintxoak ere ez dira faltako, baita "momentuan" egingo dituztenak ere: "Momentuan bertan prestatu nahi ditugu horietako batzuk, egunean erositako produktuekin egindakoak, aldatzen joango garen pintxoak".

Momentuz tabernaren beheko aldea irekiko dute, baina aurrerago, goiko solairua ere hartzeko asmoa dute. "Aukera ugari ematen ditu Bodek, eta, denborarekin, hori ere konpondu eta jatetxe moduan hartzea gustatuko litzaiguke". Musika eta kultura eskaintza desberdinek ere izan dezakete lekua, azaldu dutenez, udaberritik aurrera horiek.

Argitazpen, pintura eta aldaketa txiki batzuen ostean bueltatuko da Alde Zaharreko txokoa, eta gogotsu daude horretarako, Moreirak azaldu moduan. "Nire amona ere aitonarekin bertara joaten zela gogoratu dit orain gutxi, jende askoren erreferentea izan da, eta gogoz heldu nahi diogu erronkari". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago