150 Gramo arte eszenikoen jaialdia abenduaren 27tik 29ra izango da

Erredakzioa 2022ko abenduaren 21a

'Raska Nazka' antzezlana izango da abenduaren 27an. / Argazkia: KOLECTIVO MONSTRENKO

Gabonetan askotariko antzezlan eta ikuskizun labur eskainiko ditu 150 Gramo jaialdiaren XI. edizioak, hiru egunez Montehermoso Kulturunean. Abonamenduak eta sarrerak gaurtik aurrera eskuratu daitezke.

Abenduaren 27an, 28an eta 29an, datorren asteko asteartetik ostegunera, Montehermoso Kulturunera itzuliko da 150 Gramo jaialdia. Aurtengoa XI. edizioa izango da, eta hiru egunez (17:30etik 21:00etara) arte eszenikoetako lan laburrez gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek: antzerkia, dantza, performanceak, instalazioak, dokumentalak...

El Mono Habitado eta Pez Limbo konpainia gasteiztarrek antolatutako ekitaldia lau lanekin hasiko da hilaren 27an, asteartean: Kepler ekoizpen-etxearen Estación recuerdo, Kolectivo Mostrenkoren Raska Nazka, Mari Paula eta Jaime Peñaren EN, eta AmaHiruren Gaizki.

Asteazkenean, berriz, Ekoma Teatro konpainiaren Una comedia de estos tiempos, Iara Solano eta Sleepwalk Collectiveren Actos reflejos, Collectif Troikaren See-Saw eta Eva Alonso Martinezen Sobre volar lanekin aurrera egingo du programazioak.

Azken jardunaldian, ostegunean, abenduaren 29an, jaialdiak Gata de Plataren Ánima, Infierno Produccionesen El Retrete, Lucia Maroteren El pie eta Pez Limboren Daisy Crazy ikuskizunek itxiko dute aurtengo edizioa.

Abonamenduak dagoeneko salgai daude abonos150gr@gmail.com helbide elektronikoaren bidez: egun bateko abonamenduaren prezioa 12 eurokoa da, eta abonamendu osoarena, berriz, 30 eurokoa. Ikuskizun bakoitzaren prezioa 4 eurokoa izanik, sarrerak Montehermoson bertan egongo dira salgai abenduaren 21ean, 22an eta 23an, 18:00etatik 20:30era, eta abenduaren 26an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago