Arabako hiriburuaren hegoaldeko auzo eta herrietako bizilagun, auzo elkarte eta kontzejuek "kezka" eta "ezinegona" agertu dute inguru horretan trafikoa handitzearekin batera mugikortasunaren arloan Udalak aurreikusi dituen jarduketen aurrean. Izan ere, beren ustez, horien helburua "ez da trafiko bolumena eta autoek hartzen duten espazio publikoa murriztea, baizik eta trafikoa arintzea eta inguruan ibilgailuz mugitzeko behar den denbora murriztea".
Horregatik, hiriaren hegoaldeko bizilagunen elkarteek adierazpen bat adostu dute Hegoa bizirik izenburupean. Besteak beste, bertan salatu dute "autoen zirkulazioa gero eta gehiago kaltetzen ari dela pertsonen eguneroko bizitza, osasuna (kutsadura akustikoa eta ingurumenekoa) eta segurtasuna". Gainera, "ezikusiarena" egitea eta "hemen bizi garenongan ez pentsatzea" leporatu diote Udalari.
Etorkizunari begira, elkarte horien kezka nagusiak lau dira gutxienez: udal zabortegia handitzearen ondorioz, trafiko astuna eta arriskutsua areagotzea; hiriarteko autobusen trafiko dentsitateak eta hiri barruko ibilbide zein geralekuei eusteak eragindako kutsadura akustikoa eta ingurumen-kutsadura; Iturritxu-Zumabide-Maite Zuñiga ardatzeko erreiak bikoizteak trafikoa areagotzea, erreiak gehitu ezin diren lekuetan botila-lepoak sortzea, eta Hezkuntza eta Kirol Unibertsitateko biribilgunean istripuak areagotzea; eta, azkenik, hegoaldeko ingurabideak "hiriaren ondasun ekologiko bati eragingo liokeen kalte konponezina".
Hortaz, elkarte eta kontzejuek ohartarazi dute neurri horiek "kalte larria" eragin dezaketela mugikortasun jasangarrian, ingurumenean, hiri paisaian eta inguruan bizi diren pertsonen bizitzetan. "Proposatzen den irtenbide orok bat etorri behar du 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Gasteizko 2030erako Hiri Agendarekin, zeinak bere helburu eta jarduketen artean jasotzen baititu mugikortasun jasangarria eta hiri eta komunitate jasangarriak".
Garraio publikoaren alde
Bestalde, ildo beretik, Udalari proposatu diote "ez dezala gehiago erraztu auto partikularren erabilera, eta atzera bueltarik izango ez lukeen hegoaldeko ingurabidea eraiki edo galtzadetan behin-behineko erreiak gehitu beharrean, baliabide horiek mugikortasun zerbitzu publikoak hobetzeko erabil ditzala".
Besteak beste, hegoaldeko auzo eta herrietan lineak eta maiztasunak sortzea eta areagotzea, industrialdeetako garraio publikoaren sarea hobetzea, hiriarteko garraioaren ibilbideak eta geralekuak kentzea, eta bizikletetarako zein MPIetarako (Mugikortasun Pertsonalerako Ibilgailuak) azpiegitura egokia sortzea eskatu diote Udalari.
Gardentasuna eta parte-hartzea
Auzo elkarte eta kontzeju sinatzaileek salatu dute jasotzen duten informazioa "ia soilik prentsaren bidez" jasotzen dutela, eta "beste batzuetan inplikatutako alderdi batzuei bakarrik ematen zaiela informazioa". Horregatik, jarduketei buruzko informazioa ematean "gardentasuna eta puntualtasuna" eskatu diote Udalari, "espekulazioak alde batera utzi eta iritzia eta balorazioa behar bezala informatuta eman ahal izateko".
Azkenik, "hiriaren hegoaldeko mugikortasunari buruzko azterlan eta erabaki guztietan herritarrek parte hartzeko benetako prozesuak berma daitezela" eskatu dute.
Sinatzaileen artean daude Adurtzakoak, Gure Batan eta Hegoaldekoak auzo elkarteak, Ikasberri Adurtza ikastolako guraso elkartea, Iturritxun 3 ez herritarren plataforma, eta Berrostegieta, Gardelegi, Lasarte eta Mendiolako administrazio batzarrak.