Laneko Autodefentsa Sarea sortu dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 21:20
Mugimendu Sozialistaren mobilizazio bat Gasteizen. / Argazkia: @Kontseilua_Gast

"Autodefentsa sozialistaren" ildotik, "nagusien inpunitatearen aurrean defentsa mekanismoak" garatzea izango da Laneko Autodefentsa Sarearen helburua. Ostiralean, abenduaren 16an, aurkezpen hitzaldia egingo dute Gasteizen. 

Ostiral honetan, hilaren 16an, 18:30ean Venezuela kaleko 10. zenbakian, Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) aurkeztuko du Gasteizko Kontseilu Sozialistak.

"Ez dira garai samurrak proletariotzarentzat. Gerra etengabeak, bizitzaren garestitze izugarria, ingurumenaren suntsipen progresiboa, langileriaren kontrolerako neurrien gogortzea... Erro komuna duten gertakariak dira horiek, gizarte kapitalistaren krisiarenak, hain zuzen", dio LASek bere burua aurkezteko plazaratutako ohar batean.

Lan arloan ere "burgesiaren ofentsibaren ondorioak" nabariak direla uste dute, baita langileriak "zuzen-zuzenean" pairatzen dituela ere. "Ziurgabetasunak ezaugarritutako lan eredua ari dira ezartzen: soldataren jaitsiera, langabezia estrukturala, kontratu gabeko lanak, ordaindu gabeko lanorduak, lan jazarpena, kaleratzeak... Inpunitate osoz jarduten dute enpresari handiek zein txikiek, babes gutxien duten langileen eskubideak etengabe urratzen dituzte".

Horren aurrean, Kontseilu Sozialistak "lan esparruan antolakuntza eta borrokarako espazioak" garatu nahi ditu, "autodefentsa sozialista antolatzeko" helburuarekin. "Beharrezkoa ikusten dugu nagusien inpunitatearekin amaitzeko langileriaren defentsa eraginkorra bermatuko duen instituzio independienteak sortzea, Estatu Sozialistaren eraikuntzaren alde indarrak metatuz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide