Auzitegi Gorenak adingabeen abusatzaile baten zigorra erdira murriztu du

Erredakzioa 2022ko abenduaren 15a

Espainiako Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen. / Argazkia: LUIS GARCIA

Epaileek Bai bakarrik da bai Legea baliatu dute 2019an Gasteizko izotz-pistan lau neska adingaberi sexu ukituak egin zizkien gizonezko baten zigorra bederatzi urtetik lau urte eta erdira jaisteko.

Zeresan handia ematen jarraitzen du Espainiako Gobernuak duela gutxi ezarritako Bai bakarrik da bai Legeak, baita sexu erasotzaileen defentsek legean bertan bilatutako zirrikituek. Oraingoan, gainera, estatu mailako polemika Gasteizera iritsi da. Izan ere, 2019ko Gabonetan Arabako hiriburuko izotz-pistan lau neska adingaberi sexu ukituak egin zizkion gizon baten zigorra erdira murriztea (bederatzi urtetik lau urte eta erdira) ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak.

Egun hartan, 2019ko abenduaren 22an, erasotzaileak 28 urte zituen eta biktima adingabeek, berriz, 16. Arabako epaitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten gazteari, lau adingaberi sexu abusuak egitea eta adin nagusiko beste biktima bati ukituak egitea egotzita. Epaileen ustez, ukituen larritasuna "txikia" zen, eta, ondorioz, sexu abusu bakoitzeko gutxieneko zigorra ezarri zioten: bi urte adingabeei egindako abusu bakoitzeko (guztira, zortzi urte), eta urtebete adin nagusikoaren aurkako delituarengatik.

Auzitegiak ohar baten bidez azaldu duenez, Zigor Kodearen bi artikulutan oinarritu da zigorra murrizteko erabakia:

  • Alde batetik, Zigor Kodearen 2.2 artikuluak zigorrak beherantz berrikusteko betebeharra jasotzen du lege aldaketa batek epai bati eragiten dionean.
  • Bestalde, adingabearen aurkako sexu abusuaren delitu berriak (Zigor Kodearen 181. artikulua), lehen ez bezala, zigorra gradu bat jaistea ahalbidetzen du larritasun txikiagoko kasuetan. Horixe da abusatzaile honi aplikatu zaiona, legedi berria berarentzat onuragarriagoa delako.

Hortaz, erasotzaileari aurreko legeak aurreikusitako kondenarik txikiena ezarri zitzaion. Orain, beheko muga hori jaitsi egin da lege berriarekin, eta epaitegiek aplikatzeko betebeharra dute.

Gainera, zigorra betetzeko gehienezko urte kopurua ere hiru urtera murriztuko da, beraz, laster aske geldituko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago