Astearte honetan, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kulturako zinegotzia eta Elisabeth Palacios Eskolako zuzendaria izan dira liburutegia berrirekitzeko inaugurazioan. Marta Extramianaren hitzaldi batek eta Ariadna hari laukotearen musikak girotu dute ekitaldia.
Liburutegiak 30 urte baino gehiago zeramatzan itxita, eta orain berriz ere zabalik izango da herritarrentzat eta, bereziki, ikertzaileentzat. Guneak Fournier izena darama, familia horri esker sortu baitzen 1920an, bere bibliografia funtsak Arte eta Lanbide Eskolari eman zizkionean. Garai hartan, eskola Gasteizko kulturaren zentro neuralgikoa zen. Dibulgaziorako eta funtsak kontsultatzeko ekipamendua izateaz gain, elkargune soziala ere bazen.
Funts bibliografikoa 8.000 ale ingurukoa da, eta horien artean daude aldizkako argitalpen historikoak, tauromakia funtsak, antzinako funtsa (XVIII. eta XIX. mendekoak, batez ere), 1958 baino lehenagoko aleak eta ezaugarri bereziak dituzten aleak, hala nola: egileen autografoak edo oharrak, koadernaketa bereziak, kartografia...
Esparruaren edukiera mugatua da, 24 lagunekoa, baina 30 lagunentzako espazio osagarri bat prestatu dute ondoko gela batean, liburutegian egiten diren jarduerak bertatik jarraitu ahal izateko. Jarduera horiek, gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango dira, instalatutako sistema teknologiko bati esker.