Zazpi auto elektriko estreinatu ditu Udaltzaingoak

Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 17:00

Gasteizko Udaltzaingoak bere patruila-autoen flota berritu du, 500 kilometroko autonomia duten zazpi ibilgailu elektrikorekin. Horrez gain, azaroan beste zazpi auto hibrido eskuratu zituen.

"Udaltzaingoak bat egiten du hiri osoaren konpromisoarekin, Gasteizko mugikortasuna klimaren aldetik neutroa izan dadin lehenbailehen", ospatu du Gorka Urtaran alkateak, astearte honetan Plaza Berrian Maider Etxebarria lehen alkateordearekin eta Roberto Garcia Tobalina komisarioarekin batera egindako aurkezpenean.

Izan ere, Udaltzaingoak %100 elekrikoak diren zazpi patruila-auto gehitu ditu bere flotara. Unitate berri horiek Volkswagen ID4 modeloko ibilgailuak dira, eta 500 kilometro inguruko autonomia eta 204 CV-ko potentzia dute. Zazpi horiei berriki erositako beste zazpi ibilgailu hibrido gehitu behar zaizkio.

Patruila-auto elektrikoak lau urterako renting sistemaren bidez eskuratu ditu Udalak, 487.000 euroko inbertsioa baino pixka bat handiagoarekin. Ford Kuga modeloko ibilgailu hibridoen kasuan, inbertsioa 376.000 eurokoa izango da.

Gainera, udal zerbitzuei dagokionez, alkateak gogorarazi du hamar autobus elektriko (BEI) daudela martxan gaur egun, eta laster beste hamar erosiko direla Tuvisaren sarea indartzeko. Bestalde, garbiketarako beste 50 ibilgailu elektriko daude, baita barne-banaketarako lau furgoneta ere.

"Hiriak neutraltasun klimatikoaren alde egiten duen apustua argia da, eta Udaltzaingoak bat egiten du gure hiria lehenbailehen zero emisioko hiria izateko helburuarekin", aldarrikatu du Urtaranek. "Udaltzaingoaren flotaren elektrifikazioan aurrera goaz", ospatu du alkateorde eta Herritarren Segurtasunaren arloko arduradun politikoak. Horrekin batera, Sailaren bitartekoak eta baliabideak hobetzeko prozesua iragarri du: adibidez, azaroan 27 agente berri sartu ziren eta Udaltzaingoaren eraikin berriaren obrak esleitu zituzten, urte erdi barru gauzatuta izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide