Gabonetako haur ikuskizunetarako sarrerak salgai

Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 11:30
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 35. urteurreneko ikuskizuna eskainiko dute. / KATXIPORRETA

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Kantu Kolore, Pica-Pica eta Musas y Fusas taldeen Gabonetako ikuskizunetarako sarrerak 5 euroko prezioan eros daitezke jada Gasteizko Udalaren webgunean.

Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak astearte honetako goizean jarri ditu salgai Eguberrietako Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarrerak. Ikuskizun sorta bere ohiko agertokira itzuliko da abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra bitartean.

Guztira lau ikuskizun izango dira, Mendizorrotzako kiroldegian:

  • Abenduak 27, asteartea, 19:00: Pica-Pica taldearen El patio de mi casa, betiko abesti eta jolas ezagunekin.
  • Abenduak 28, asteazkena, 19:00: Kantu Koloreko pertsonaiak planeta salbatzeko abentura batean murgiltzen dituen Esna zaitez ikuskizuna.
  • Abenduak 29, osteguna, 19:00: Musas y fusas taldeak bere azken lana aurkeztuko du: La Banda, concierto eléctrico para familias; CantaCuentosen abestiak eta beste bertsio batzuk erritmo bizian.
  • Urtarrilak 2, astelehena, 12:00 eta 19:00: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna iritsiko dira. Taldeak 35 urte bete ditu, eta hori ospatzeko festa erraldoi bat antolatu du.

Sarrerak 5 euroko prezioan eros daitezke Udalaren webgunean. Erosle bakoitzak bost sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez, eta sarrera derrigorrezkoa izango da adina edozein izanda ere. Ateak ikuskizun bakoitza hasi baino 60 minutu lehenago irekiko dituzte, eta sarreran haurtxoen aulkiak eta haur-kotxeak uzteko tokia egokituko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide