Desalojo Azkarraren Legearen aurkako protesta egin dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko abe. 12a, 20:00

Erraki Babes Sareak deitutako manifestazioak ehunka gazte bildu zituen larunbatean Gasteizen, "PSOEk okupazioaren aurka proposatutako legea" salatzeko.

Nazio mailako bi manifestazio deitu zituen Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak larunbatean, Gasteizen eta Iruñean. "Azken urteotan okupazioaren aurka hartutako neurri larriena" deritzoten legea bera salatzeaz gain, "orokorrean alderdi politiko guztiek okupazioaren kontrako ofentsiban betetzen duten rola" kritikatu zuten mobilizazioetan.

"Desalojo azkarrak zaurgarritasun egoera larriago batera kondenatzen du proletalgoa. Batetik, etxebizitza eskubidea urratzen duelako. Bestetik, gaztetxeak, zentro sozialistak edota zentro sozialak okupatzea ia ezinezko bihurtzen duelako", ohartarazi dute. Lege proposamenak dakartzan berrikuntza eta eraginen artean, 48 ordutan desalojatzeko baimena eta desalojoa agintzeko epaiketa saihestea eta "banketxeek, putre funtsek eta jabe handiek ere bide azkarra erabili ahal izatea" aipatu dituzte, "orain arte ez bezala".

"Ez da okupazioaren kontrako beste eraso bat, okupazioaren erabateko ilegalizazioa da, eta aurre egin ezean ondorio izugarriak izango ditu bai proletalgoarengan, baita mugimendu iraultzaile antolatuarengan ere", ohartarazi dute. "Bizitzaren garestitzearen aurrean, eta, beraz, bizi baliabideak eskuratzeko inoiz baino zailtasun handiagoak daudenean, burgesiak eskaintzen duen irtenbidea argia bezain gogorra da: beldurraren eta zigor mekanismoen gogortzearen bitartez, proletalgoa, egokituko zaion bizi eredu miserablera ohitzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide