Gabonetako Haur Parkea abenduaren 26tik urtarrilaren 5era itzuliko da Hegoaldera

Erredakzioa 2022ko abe. 12a, 13:00
Gabonetako Haur Parkearen aurreko edizio bat. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Astearte honetan, abenduaren 13an, hasiko da Eguberrietako Haur Parkerako sarreren aurretiazko salmenta. Aurten "Green" itxura hartuko du parkeak, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean Hegoalde gizarte etxean.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Gasteizko umeek Gabonetako Haur Parkeaz gozatzeko aukera berreskuratuko dute aurten, abenduko azken astean eta urtarrileko lehenengoan. Aurtengo ildo nagusia "Green" gaia izango da, eta Planeta Berdea izena hartuko du parkeak. Izan ere, jarduera gehienen helburua "ingurumenaren zaintzarekin lotutako pentsamendu kritikoa" sustatzea izango da, Borja Rodriguez Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak Saileko zinegotziaren hitzetan.

Inaugurazio ekitaldia abenduaren 26an, astelehenean, izango da, Super Gearen eskutik. 11:00etan, superheroiak Hegoalde gizarte etxeko kantxara sartuko da, eta bertan zain izango duen publikoaren aurrean parkearen eta hura osatzen duten elementuen aurkezpen laburra egingo du. Jarraian, inprobisazio ikuskizun bat eskainiko dute Leire Orbe, Mitxel Santamaria eta Mikel Bermejo EITBko aurkezle eta aktoreek.

Emanaldiaren ostean, 14 urte arteko neska-mutilek beren zentzumen guztiak martxan jarri ahal izango dituzte gizarte etxearen barruan zein kanpoan izango diren atrakzio eta jarduera ugariren bitartez: kiroldegian puzgarriak, ohe elastikoak eta rokodromoa izango dira, besteak beste; igerilekuan, berriz, txalupak eta puzgarriak. Gainera, sormen gaitasunak lantzeko jarduerak ere egongo dira: musika txokoa, adierazpen artistikorako eremua, ingurumenarekin lotutako eskulanak (robotika, landareak, eguzki-maketak, Gabonetako dekorazioa...), txapak, aurpegi-pintaketa...

Bestalde, bideo-kontsolak, auto-simulagailuak, egurrezko jolasak, zeregin eta ofizioen inguruko berdintasun tailerrak, bullyingaren aurkako escape room bat eta Olentzero eta Mari Domingiren txokoa izango dira ere. Gizarte-etxearen kanpoan, gainera, ginkana bat, tirolina eta talka auto ekologikoak egongo dira, karpa batean.

Hori guztia urtarrilaren 5eko 14:00ak arte. Egunero bi saio egongo dira: bat goizez, 11:00etatik 14:00etara; eta beste bat arratsaldez, 16:30etik 20:30era; abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, goizeko txanda bakarrik egongo baita. Eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

Ikuskizunak

Atrakzio dibertigarriez gain, emanaldi eszenikoak izango dira egunero, 18:00etan, Jesus Ibañez de Matauko antzokian: Ttipia Kultura konpainiaren Plast and Co eta Magic Atic txotxongilo ikuskizunak; Potxin eta Patxin pailazoak; BocaBeats taldearen beat box eta komedia proposamena; Ventri-Locoren Nire maletatxoan; Patata Tropikala konpainiaren Niararen bidaia txotxongiloen itzal-antzerkia; Kiki eta Moko pailazoen Natura gara; eta Asier Kidam magoaren azken lana, Aroa eta mirariak.

Sarrerak

Eguberrietako Haur Parkeko aurretiazko sarrerak bihartik, abenduaren 13tik, aurrera erosi ahal izango dira Eleyco Taldearen webgunearen bitartez: prezioa 2,50 eurokoa izango da goizez, 3 eurokoa arratsaldeko saioetan, eta euro batekoa laguntzaile helduen kasuan. Sarrerak gizarte etxean lortu ahal izango dira ere, leihatilan, baina aldez aurretik erositako sarrerek lehentasuna izango dute.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide