Eguerdian izango da aurtengo San Silvestre lasterketa

Erredakzioa 2022ko abe. 7a, 17:25

San Silvestre lasterketaren aurreko edizio bat. / Argazkia: EVENTOKIT

Gasteizko San Silvestre lasterketa abenduaren 31ko 12:30ean izango da; proba txikia, berriz, 12:00etan. Mendizabalako aparkalekutik atera eta bertan amaituko da.

Aurten, ibilbidearekin eta ordutegiarekin lotutako zenbait aldaketa izango dira Gasteizko San Silvestre lasterketan. Proba herrikoiak sei kilometro izaten jarraituko du, baina eguerdian izango da eta Mendizabalako aparkalekuan izango dira irteera eta helmuga. Ordu aldaketa "antolaketa kontua" izan da. Izan ere, Marian Ibarretxe Arabako Atletismoko Federazioaren ordezkariak aitortu du azken urteetan arazoak izan dituztela jendea kontratatu ahal izateko, baita kronometro elektronikoak izateko ere.

Hortaz, abenduaren 31ko 12:30ean izango da lasterketa nagusia; eta 12:00etan 1,3 kilometroko ibilbidea duen proba txikiaren kasuan.

Ibilbideari dagokionez, lasterketa Mendizabalako aparkalekutik atera eta Lasarteko Atea, Elvira Zulueta, Gasteiz Hiribidea kaleetatik igaroko da; ondoren, San Viator kalean 180 graduko bira egingo dute lasterkariek, Gasteizko Hiribidetik, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaletik, Gustavo Maeztu Margolariaren kaletik, Adriano VI.aren kaletik, Gasteiz Hiribidetik, Elvira Zulueta kaletik eta Lasarteko Atetik igarotzeko, Mendizabalako aparkalekura, helmugara, iritsi arte.

Beste berrikuntza bat izango da eliteko atletak irteerako lehen lerrotik aterako direla. Leku pribilegiatu hori izateko gutxieneko marka batzuk bete beharko dira: gizonezkoen kasuan, 5 kilometro 16 minututan, 10 kilometro 32:30 minututan, maratoi erdia ordubete eta 12 minututan, eta maratoia bi ordu eta 35 minututan; emakumezkoen kasuan, 5 kilometro 19 minututan, 10 kilometro 39 minututan, 21 kilometro ordubete eta 26 minututan, eta maratoia hiru ordutan.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, hilaren 28ra arte, www.mediamaratonvitoriagasteiz.com webgunearen bidez. Prezioa 4 eurokoa da helduen kasuan, eta 2 eurokoa proba txikiaren kasuan. Bildutako dirua Kirolen Saharako Federaziora bideratuko da. Dortsalak, berriz, Vital Fundazioaren erakusketa zentroan (Posta kaleko 13-15 zenbakian) jaso ahal izango dira abenduaren 29an eta 30ean, 10:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

Azkenik, sari ekonomikoak soilik Arabako atletentzat izango dira: 600 euro lehen sailkatuentzat, 400 euro bigarrenentzat, eta 200 euro hirugarrenentzat.

Maratoi Erdia

Bestalde, Gasteizko Maratoi Erdiaren 44. edizioa abenduaren 18an izango da, eta dagoeneko 2.500 lagun baino gehiagok eman dute izena; gainera, izena emateko epearen amaiera (abenduak 16) hurbildu ahala, kopuruak gora egitea espero dute antolatzaileek. 10:30ean aterako da Lasarteko Atetik, eta Mendizorrotzako aparkalekuan amaituko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago