Emakumezkoen Euskal Selekzioa abenduaren 20an, asteartean, itzuliko da zelaietara, eta Gasteizen egingo du, Mendizorrotza futbol zelaian. Egun horretako 19:00etatik aurrera egingo dio aurre Txileko selekzioari. "Partida hau munduko ilusio guztiarekin iragartzen dugu, eta euskal gizarteak guk bezala jasotzea espero dugu. Indar osoz animatuko dugu gure emakumezkoen selekzioa", nabarmendu du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak, gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.
Mundu mailako selekzio baten kontra jokatuko da partida, Euskal Selekzioaren partida bat antolatzeko hiru baldintzak beteta: lehen mailako zelai bat izatea, selekzio handi baten aurka lehiatu ahal izatea, eta ahalik eta talderik onena biltzea. "Gasteizko eta Euskal Herriko herritar guztiak animatzen ditut partidara etortzera eta emakumezkoen Euskal Selekzioa animatzera; nahi duguna ez da bakarrik kirol ekitaldi bat izatea, baizik eta Mendizorrotza festa handia bihurtzea", adierazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.
Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundia, Vital Fundazioa, Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta Arabako Futbol Federazioa elkarlanean aritu dira kirol ekitaldi hau antolatzeko.
Gainera, Euskal Selekzioak hautatzaile eta talde tekniko berria estreinatuko ditu partida honetarako: Juanjo Arregi (Urnieta, 1964) izango da Euskal Selekzioaren agintea hartuko duena, Real Sociedad, Añorga KKE edo Urnieta KE bezalako klubetatik igaro eta Euskal Selekzioko beheko kategorietako (18 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak) hautatzailea izan ostean.